}

Zenbait bideo-jokok indarkeria sustatzen dute

2000/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Estatu Batuetako Iowa Estatuan egindako ikerketa batean gazteen indarkeria-maila eta zenbait bideo-jokotan jokatzeko ohituraren artean lotura dagoela aurkitu dute. Craig Anderson eta Karen Dill psikologoek 227 ikaslerekin elkarrizketak izan zituzten eta zein joko atsegin zituzten galdetu zieten. Gero, joko esperimental batean, ikasleek beren arerioak soinu zaratatsu baten bidez zigortu behar zituzten. Joko horretan azaldutako agresibitateak eta ikasleek atsegin zituzten jokoek bazuten zerikusirik. Doom, Wolfenstein 3D edo Mortal Combat izeneko jokoetan jokatzen duten gazteek arazoen eta tentsioen aurrean indarkeriaz erantzuten ikasten dute eta, gutxinaka, eguneroko bizitzako gertakizunen aurrean ere jokaera berdina izaten dute, ikerketaren emaitzen arabera. Andersonen arabera, bideo-joko bortitzek telebista edo filmek baino eragin handiagoa dute, elkarreragileak izanik, jokalaria jokaera bortitza izatera behartzen baitute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia