}

Zelulak banatzeko, hamaika kontrol

2001/07/23 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia


Zelulak erdibitzen direnean genoma banatzeko mekanismoaren urrats bat aurkitu da.

Ugaltzeko, zelulak luzetarako jarrera hartzen du eta bi zelula berri sortuz erdibitzen da. Hori gertatzeko, barruko organuluak bikoiztu egin behar ditu eta zelula berri bakoitzean dagokiona kokatu.

Prozesu horretako zati garrantzitsuenetako bat nukleoaren banaketa da, han baitago gordeta material genetikoa. Zelulak bezala, nukleoak ere luzetarako jarrera hartzen du, gero bi nukleotan banatu ahal izateko. Nukleoaren barruan, material genetikoa bikoiztuta dago berez, eta zelulak kromosoma bakoitzaren bi kopiak banatu besterik ez du egin behar.

Lan hori aldamio-itxurako proteina-multzo batek egiten du, baina banaketa ondo burutu den jakiteko, kontrol-sistema jarri behar da martxan. Proteina-multzo horiek nukleoaren muturretara doaz eta, handik helduta, kromosomak mugitzen dituzte. Multzoa okerreko tokian kokatzen bada, ordea, akatsa gertatzen da.

‘Aldamioak’ toki egokia zelularen aktinazko filamentu batzuei eutsita bilatzen du. Cambridge-ko Unibertsitateko ikertzaile batzuk aurkitu dute urrats horretan gertatzen den kontrola. Proteina-multzoak aktinazko filamentuei iritsi dela ‘esaten die’ nolabait. Horrela, kromosomak behar bezala banatzen ez badira, zelulak prozesua eten egiten du eta ez da ugalketarik gertatzen.

Zientzialariek ez dakite zertan datzan proteina-multzoaren eta aktinaren arteko komunikazioa, baina horrelako prozesu bat gertatzen dela jakitea oso garrantzitsua da, zelularen ugalketa ez ezik, minbiziaren hazkuntza nola gertatzen diren ikertzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia