Zelula ametatik saguak sortu dituzte
2006/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Enbrioien zelula ametatik lortutako esperma baliatuz, saguak sortu dituzte Göttingeneko Unibertsitatean, Alemanian.
Esperma sortzeko bide naturala espermatogonia izeneko zelula aurrekariak dira. Baina ar antzuek ez dituzte ekoizten zelula horiek, eta Karim Nayernia ikertzailea buru duen taldeak ezohiko bide bati jarraitu dio espermatogonia lortzeko. Saguen zelula ama enbrionarioak espermatogonia bilakarazi dituzte, eta, ondoren, espermatogonia horretatik lortu dute esperma.
Esperma hori saguen 210 obulutan txertatu zuten. Obulu horietatik 65 soilik garatu ziren, eta garatu zirenetatik zazpi jaiotza besterik ez ziren izan. Gainera, jaio ziren zazpi saguetatik bat berehala hil zen, eta gainerako seirek akats genetikoak zituzten, tamaina anormala zuten eta bost hilabeteren buruan hil ziren. Sagu osasuntsuak, berriz, urteak bizi daitezke. Emaitzak, beraz, ez dira oso onak oraingoz.
Ikertzaileek ikerketaren balorazioa egin dute, eta anormaltasun horien zergatia azaltzen saiatu dira. Uste dute obuluetan esperma txertatzean aktibatzen edo espresatzen diren geneen patroia aldatu egin zela.