Zelula ametatik neuronak garatzeko sustatzaileak

Zelula amekin egindako ikerketak auzitan daude, batez ere zelula ama horiek fetuetatik erauzi badira. Hala ere, hainbat ikerketetan lortutako emaitzek argi uzten dute gaixotasun larri batzuk tratatzeko aproposak izan daitezkeela. Adibidez, bestelako tratamenduak kale egiten dutenetan, garuneko edo bizkarrezur-muineko kalteak sendatzeko erabili nahi dira zelula amak.

Zelula ametatik neuronak garatzeko sustatzaileak


Izan ere, zelula ametatik abiatuta neuronak lor daitezke, eta, toki egokian ezartzen badira, neurona horiek kaltetutakoak ordezka ditzakete. Badago, ordea, arazo bat: zelula ama batzuek bakarrik ematen dituzte neuronak; gehienak bestelako zelula bihurtzen dira, euskarri moduan lan egiten duten zelulak, alegia.

Orain, AEBetako Texasko Unibertsitatean, zelula amek neuronak eman ditzaten modua aurkitu dute. Neuronen garapenean parte hartzen duten molekulekin probak eginda, hiru proteina ezinbestekoak direla ikusi dute ikertzaileek. Zelula-kulturetan, giza fetuetatik erauzitako zelula amak proteina-nahaste horrekin batera jarriz gero, neuronak bakarrik garatzen direla frogatu dute.

Sagu osasuntsuekin ere egin dituzte probak: proteina-nahastearekin tratatutako zelula amak garunean edo bizkarrezur-muinean ezarri eta gero, zelula amek beti neuronak ematen dituzte. Aldiz, tratatu gabeko zelula amak ezarriz gero, oso neurona gutxi lortzen dira.

Oraindik ikusteko dago neuronek lotura zuzenak egiten dituzten ala ez, eta tumoreak sortzeko arriskurik dagoen ala ez. Gainera, gizakietan erabiltzerako, ikerketa ugari egin beharko da. Nolanahi ere, ikerketa horrekin aurrerapauso handia eman dela dirudi.

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna