Zein da naturaren kostua?

Inoiz galdera hori bururatu bazaizu irakurle, hona hemen erantzun batzuk. Ecologia izeneko aldizkariak bildutako datuen arabera, naturari eragindako kalteek, planeta osoarengan duten eraginez gain, berebiziko diru-galerak sortzen dituzte. Ingurugiro triskantza bakoitzaren kostua zenbatekoa den jakitea ez da batere erraza, baina batezbesteko datuak ematera ausartu dira.

Keniako Amboseli parke nazionaleko lehoiak oso errentagarriak dira. Lehoi bakoitzak 3 milioi pezetako diru-irabaziak sorrarazten ditu.

Esate baterako, Txernobilgo istripu nuklearrak sortutako kalte materialek 350.000 milioi dolarreko kostua izan du orain arte; ondorioz, Ukraniak bere Barne Produktu Gordinaren (BPG-ren) % 11 inguru horretara zuzendu behar izaten du urtero.

Bestalde, gure hirietako trafiko-arazoen kostu ekonomikoa 18 bilioi pezetakoa da Europako Batasunean; jakina denez, energia eta erregaien gastuei, lan-ordutako galera edota azpiegituretan sortzen diren kalteak gehitu behar zaizkie. Kalteak konpontzea bada, nahikoa garestia suertatzen zaigu. Kostu handia du baina balio, gehiago balio du oraindik.

Elhuyar Zientzia