}

XV. CAF-Elhuyar sariak: zahartzeak jaso du lehen saria

2009/03/06 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Gaur banatu dira zientzia-dibulgazioko CAF-Elhuyar sariak, eta Xabier Artaetxebarriak jaso du lehenengo saria, zahartzeari buruzko lan bati esker.
Saridunak: Antton Alberdi eta Ostaizka Aizpurua, Xabier Artaetxebarria, Xabier Zabala, Leire Perez eta Maite Artetxe
Iñigo Ibañez

"Xixareak, dortoka erraldoiak eta hidra hilezkorra" izenburua jarri dio Xabier Artaetxebarria telekomunikazio-ingeniari donostiarrak bere lanari. Zahartzeari buruzko azterketa egiten du egileak artikuluan. Oso erritmo desberdinetan zahartzen diren bizidunen adibideak jarri ditu lehenengo: efemeropteroen ordenako intsektuak ordu gutxi batzuk baino ez dira bizi, eta dortoka erraldoiak, berriz, berrehun urte bizitzera hel daitezke; baina kasurik muturrekoena hidrarena da, ez baita zahartzen. Zahartze-prozesuetan halako aldeak egotearen arrazoiak bilatzen ditu zeluletan, geneetan, eta baita hautespen naturalean ere.

Epaimahaiaren iritziz, "artikuluak izakion zahartze-prozesuari buruzko hausnarketa bikain bat eskaintzen digu, eta hasieran zahartzea Darwinen hautespen naturalaren teoriak argitu lezakeen ala ez aztertzen badu ere, gero kromosomen paradisu berrian sartzen da, geneek, telomeroek eta entzimek izan dezaketen garrantzia eztabaidatzeko". Edizio honetako epaimahaia osatu duten bost kideen esanean, artikuluak, "bizia eta aberatsa izateaz gain, egoki dakarzkigu bizitzari buruzko hausnarketa darwinistak"; horregatik, merezimendu osoz irabazi du lehen saria.

Ez da hau Artaetxebarriak CAF-Elhuyar sariketan jasotzen duen lehen saria. Izan ere, joan den urtean gazteen sari berezia irabazi zuen " Ordenagailu bidezko diagnosia: ordenagailuak mediku? " lanari esker. Oraingoan, berriz, sari nagusia bereganatu du, erabat bestelako gai batekin.

Ardagaiak, polimeroak eta ukimena

Sari nagusiaz gain, beste hiru sari banatu dira gaurko ekitaldian. Hain zuzen ere, basoen mundura joan da edizio honetako bigarren saria. "Ardagaiak, basoak pizten dituzten txinpartak" lanarentzat izan da, Ostaizka Aizpurua zarauztarrak eta Antton Alberdi elgoibartarrak idatzitako artikuluarentzat.

Izenburuak garbi adierazten duenez, ardagaiak dira artikulu honetako protagonistak, zuhaitz-enborretan hazten diren onddoak. Egileek argi utzi nahi izan dute leku garrantzitsu bat betetzen dutela basoetako ekosistemetan. Protagonista horien bidez, zuraren usteltzeari buruz hitz egiten digute, eta horrek basoetako biodibertsitatean eta konplexutasunean duen eragin positiboaz. Epaimahaiaren esanean, "basoen kudeaketa egokiaren gaineko hausnarketara bideratzen gaitu lanak, eta basoko zuhaitz eroriei eta enbor iharrei buruzko ohiko iritzia aldarazten du". Lan honi buruz, alde teknikoaren zorroztasuna galdu gabe, dibulgazio-artikulu ederra idatzi izana nabarmendu du epaimahaiak, baita aurkezpen dotorea eta egileek landutako irudi bikainak ere.

Xabier Artaetxebarriak bigarrengo aldiz irabazi du saria CAF-Elhuyar sariketan.

Hirugarren saria Leire Perezek eta Maite Artetxek jaso dute, haien eguneroko ikergaiari buruz idatzitako artikuluari esker. "Polimeroak, minbiziaren aurkako terapiako Troiako Zaldiak" izenburupean aurkeztu dute euren lana, eta, artikuluan, hidrogelak edo mikro/nanogelak aurkezten dizkigute. Botikak garraiatzeko eta leku jakinetan askatzeko balio dute gel horiek, eta, horregatik, tresna baliagarriak izan daitezke minbiziaren tratamendurako. Hori egiteko modu bat jorratu dute artikuluan, epaimahaiaren ustez "ederki asko eta era interesgarrian".

Azkenik, Gazteentzako sari berezia "Haptika edo ukimenaren ustiapena" izeneko lanarentzat izan da. Egilea Xabier Zabala errenteriarra da, eta, artikuluan, ukimen bidezko komunikazio-sistemei buruz hitz egiten du, hau da, haptikari buruz. Haptikaren hastapenak, aplikazioak eta etorkizunean izan dezakeen bilakaera aztertzen ditu. Epaimahaiak bereziki estimatu du egileak erabili duen estilo argia eta gaia dibulgatzeko jarri duen gogoa.

Urteurren ospakizuna

Sari-banaketa ekitaldia arratsaldeko 6etan hasi da, Elhuyar Fundazioaren egoitzan, eta bertan izan direnek, Miren Gaztañaga eta Gabriel Ocina aktoreek girotutako ekitaldi bereziaz gozatu ahal izan dute. Izan ere, sariketak hamabost edizio bete dituela ospatzeko, bideo-emankizun berezia egin da aurten.

Hamabosgarren urteurren-ekitaldi berezia gozatu ahal izan dute bertan izan direnek.

Guztira 16 dibulgazio-artikulu aurkeztu dira XV. edizio honetan. Epaimahaia euskararen, zientziaren eta komunikazioren alorrean eskarmentu handia duten bost lagunek osatu dute: Mikel Alvarez Yeregik, medikua eta Gurutzetako Ospitaleko zuzendari nagusia; Joseba Etxebarriak, ingeniaria eta Mondragon Unibertsitateko irakasle ohia; Koldo Nuñezek, Geologian doktorea eta zientzia-dibulgatzailea; Txema Ramírez de la Piscinak, Kazetaritzan doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea; eta Javier Duoandikoetxeak, Matematikan doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea.

Saria jasotzeaz gain, artikulu irabazleak apirileko Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian argitaratuko dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia