}

Xibarta balea: kantuan aritzen den ugaztun erraldoia

2001/06/03 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Xibarta balea (Megaptera novaeangliae) balenopteridoen familiako ugaztun zetazeoa da. 18 metroko luzera eta 65 tonako pisua izatera hel daiteke eta itsaso guztietan bizi da. Gorputzaren zatirik handiena beltza eta sabelaldea zuria ditu. Batez ere, animalia planktonikoak jaten ditu. Oso jostaria da eta, dirudienez, negu-partean gogokoen duen denbora-pasa abestea da.
Askotan, amak eta kumeak osatutako bikoteari xibarta ar bat elkartzen zaie.

Abestea? Bai, ongi irakurri duzu: baleek ere, gizakien eta beste animalia askoren antzera, abestu egiten dute. Eta gu, gaurkoan, xibarta balearen kantuen erritmora dantzatuko gara. Xibarta balearen izen zientifikoa Megaptera novaeangliae da, hau da, Ingalaterra Berriko hegal handiak. Izan ere, xibartek 4,5 metro inguruko bular-hegatsak dituzte. Ingelesez, berriz, balea ehizatzera joaten ziren arrantzaleengandik ikasitako izena erabiltzen da: humpback whale (‘konkordun balea’). Ziurrenik, igerian dabilenean bizkarraldeak hartzen duen arku-formagatik jarritako izena izango da. Hawaiin, azkenik, kohola esaten diote baleen kategoria osoari eta ez dago xibarta balea izendatzeko izen berezirik.

Xibarta balea munduko baleetan bosgarren handiena da. Jaioberriek 1,5 tona inguruko pisua eta 3 eta 5 metro inguruko luzera izaten dute. Ipar-hemisferioko ar helduak 12-16 metro luze izaten dira eta hego-hemisferiokoak 18 metro luze izatera hel daitezke. Emeak, ostera, apur bat luzeagoak izaten dira. Bestalde, helduen batez besteko pisua 35 eta 40 tona bitartekoa izan ohi da. Ikertzaileen ustez, xibarta balea 40-60 urte bizi daiteke. Esan bezala, gorputzaren zatirik handiena gris-beltza izaten dute, hegatsak, bularraldea, sabelaldea eta buztan-hegatsen barrualdea izan ezik. Guztira, hiru populazio isolatu omen daude: Ozeano Pazifikoaren iparraldean, Atlantikoaren iparraldean eta hego-hemisferioan. Oro har, udan ongi elikatu, eta neguan ugaltzeko lekuetara migratu eta bertan ugaldu egiten dira.

Neguko ugaltze-sasoian, xibarta arrek abestu egiten dute.

Ozeano Pazifikoaren iparraldeko xibartek (10.000 ale inguru) uda Alaska eta Kalifornia arteko kostaldeko ur epeletan igarotzen dute. Azaro eta maiatza bitarteko hilabete hotzetan, ostera, gehienek Hawaii, Mexiko, Costa Rica eta Japoniako ur epeletara migratzen dute eta, bertan, ugaldu, umatu eta jaioberriak zaintzen dituzte. Gainerakoek, aldiz, Kalifornia Behereko kostaldearen parean, Mexikon eta Japoniaren hegoaldeko irletan igarotzen dute negua. Hego-hemisferioko xibartek, bestalde, uda (azarotik maiatzera) Antartikan eta negua (ekainetik urrira) Australiako ekialdean eta Ozeano Bareko hegoaldeko irletan igarotzen dute eta ugaldu ere bertan ugaltzen dira.

Esan bezala, xibarta gehienak Hawaii inguruan ugaldu eta umatzen dira. Ernaldiak 10-12 hilabete irauten du eta, eskuarki, bi urtean behin ugaltzen dira. Jaio ondoren, kumeak 6-8 hilabete amaren babesean igarotzen ditu eta haren ugatzetako esneaz elikatzen da. Egunean edaten duten esne-kantitatea sinestezina da benetan: 450 litro inguru! Pentsatzekoa denez, esne hori guztia edanda oso azkar hazten dira; urtebetean, jaio berritan zuten tamainaren bikoitza izan dezakete.

Heldutasunera iristen direnean, xibartak egunean tona bat janari jatera hel daitezke, hau da, milioi bat kaloria inguru. Dietaren oinarria planktona, arrain txikiak eta izkiraren antzeko krustazeoak dira. Udan, elikatzeko garaian, urte osorako energia metatzen dute eta, normalean, neguko ugaltze-lekuetan ez dute ezer jaten, noizbehinkako mokadu bat edo beste ez bada. Umatze-aroan, xibartak hamabi kidera arteko taldetan ibiltzen dira. Migrazio-aldian, berriz, hiru-launaka ibiltzen dira.

Gure begietara, xibarta balea oso jostaria da. Noizbehinka, uretatik kanpora jauzi egin, elkar jo eta, uretara itzultzean, hegatsak uraren kontra kolpatzen dituzte. Zientzialarien ustez, jolas horiek guztiak elkarrekin komunikatzeko erabiltzen dituzte; izan ere, hegatsa uraren kontra kolpatzean ateratzen duten zarata oso urruneraino heltzen da. Abesten ari direnean, ordea, ia ez dira mugitu ere egiten eta, buru-makur, ur gainean egoten dira. Hara bada!, egia al da, orduan, xibartek abestu egiten dutela?

Itsasoko konpositoreak

Neguko ugaltze-sasoian, xibarta arrek soinu-eredu konplexu eta luzeak egin eta, gainera, behin eta berriro errepikatzen dituzte. Horregatik, abestu egiten dutela esaten da. Abestien egitura gizakiok kantatzen ditugun abestien antzekoa da. Eredu bati jarraitzen dioten nota diskretuek iraupen konstanteko esaldiak osatzen dituzte; esaldi-multzoek, era berean, konposizioak eratzen dituzte; konposizio jarraituek, azkenik, abestia osatzen dute. Xibartek soinu-mota ugari atera ditzakete, gizakiak entzun dezakeen maiztasun altu eta baxuena barne. Ez dute aho-korda funtzionalik eta, egindako azterketen arabera, badirudi soinuak arnasbidean adarkatzen diren zaku-hondoko balbula eta giharretan sortzen dituztela.

Ikertzaileen ustez, abestiek hainbat funtzio izan ditzakete: emeak erakartzea, beste xibarta arrak aldaratzea edota bi abeslariren arteko distantzia gordetzea. Abestiek, eskuarki, 5-35 minutu irauten dute, eta xibartek abesti bera behin eta berriro errepikatzen dute. Mexiko, Hawaii eta Japonia inguruan egindako ikerketa baten arabera, Ozeano Bareko iparraldeko xibarta ar guztiek oso antzeko abestia kantatzen dute. Urtaroak aurrera egin ahala, abestia zertxobait aldatzen da. Hurrengo urtean, berriro ugaltze-lekura itzultzen direnean, aurreko ugaltze-sasoiaren bukaeran abesten zuten bertsio bera abesten dute.

Xibarta ikertzeko, ikertzaileak balea ahalik eta gutxien kaltetzen duten teknikak erabiltzen saiatzen dira eta, ahal dela, fotoidentifikazioa, kontrol akustikoa, azterketa genetikoak eta satelite bidezko jarraipena erabiltzen dituzte. Teknika horiek erabilita, Ozeano Barearen iparraldean bi mila xibarta baino gehiago identifikatu dituzte. Baleak identifikatzea oso garrantzitsua da, datu horien bidez migrazio-bideei, populazioari, egitura sozialari, jokabideari, bizitza-luzerari eta ugaltze-tasari buruzko informazioa lor daitekeelako.

Baleen salerosketa hasi aurretik, Ozeano Barean 150.000 xibarta inguru zeuden. XX. mendearen hasieran eta erdialdean, ordea, baleen ehiza areagotu egin zen. Ondorioz, xibartaren populazioa asko jaitsi zen. 1966 inguruan xibarta babesteko neurriak hartu ziren. Azkeneko urteetan populazioa gehitu egin bada ere, xibarta baleak desagertzeko arriskuan jarraitzen du eta, beti bezala, bere biziraupena gizakiaren esku dago.

Xibarten kantuen erritmora dantzan

Baleen kantuei adi-adi entzunez gero, abesti horien eta gizakiok kantatzen ditugunen artean desberdintasun handirik ez dagoela ohartuko gara. Konpara dezagun, esaterako, abestien erritmoa. Baleek, nahi izanez gero, erritmorik gabeko soinuak atera litzakete. Hala ere, abesti erritmikoak kantatzen dituzte eta jarraitzen duten erritmoa gizakiok jarraitzen dugunaren oso antzekoa da.

Kontuan hartu beharreko beste ezaugarri bat esaldien luzera da. Gure abestietako esaldien antzera, baleen abestietako esaldiek ere hainbat segundo irauten dute eta, esaldiak bata bestearen atzetik kateatuta, abestia osatzen dute. Abesti bat amaitutakoan, hurrengoa kantatzeari ekiten diote. Kasu horretan ere argi dago abesti luzeak osatzeko ez dagoela esaldi bera errepikatu beharrik, esaldi desberdin ugari erabilita ere abestiak asma daitezkeela. Hala ere, baleek nahiago dituzte esaldi batzuk errepikatuz osatutako abestiak. Beraz, badirudi baleak ere, gizakiaren antzera, abesti osoa gogoratzeko trikimailu mnemoteknikoak erabiltzen dituela. Abestien luzera ere guk kantatzen ditugun abestien luzeraren antzekoa da. Oro har, 5 eta 35 minutu bitarteko iraupena izaten dute.

Baina ez pentsa, gero, baleak iraupen laburreko esaldiak bata bestearen atzean lotzearekin konformatzen direnik. Ateratako soinuak ez dira nolanahikoak izaten eta, oro har, perkusio-elementuak eta elementu zaratatsuak tonu garbiekin nahastea atsegin dute. Baleen nota askoren tonua eta tinbrea gizakiak ateratzen dituenaren oso antzekoak dira. Hori bereziki interesgarria da, beste milaka eta milaka soinu ere atera badaitezke ere, baleek gure soinuen antzekoak ateratzen dituztelako: auhenak, hasperenak, orroak, intziriak, marmarrak...

Askotan, baleen abestien egitura nahiko bitxia izaten da. Bitxia ez berria edo desberdina delako, alderantziz baizik. Izan ere, askotan ugaztun erraldoi horiek gure konposizioen antzekoa erabiltzen dute, hau da, ABA egitura esaten zaiona. Kasu horretan, abestiak hiru zati nagusi izan ohi ditu: hasteko, sarrera modukoa; gero, soinu landuagoak; eta, bukatzeko, berriro ere hasierako sarrerara itzultzen dira, agian zertxobait aldatua.

Gizakiaren eta balearen eboluzio-bidea duela 60 milioi urte inguru banatu zen eta, hala ere, batak zein besteak egiten duen musika oso antzekoa dela ikusi dugu. Horretan oinarrituta, badirudi musika gizakia baino lehenago sortu zela eta, eboluzioan gure txanda iritsi zenerako, taula-gaina abeslari trebez gainezka zegoela.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia