}

Xenotransplanteak auzitan?

2000/08/19 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa

Espezieen arteko transplantei buruzko ikerketak baztertuko omen dituzte Dollyren sortzaileek

Xenotransplanteei buruz, espezieen arteko organo-transplanteei buruz, alegia, interes handia dago gaur egun eta baita eztabaida ere. Horiek giza organoen transplanterako dagoen organo eskasiari irtenbidea emango liokete, baina arriskua handia ere bada: animalien gaitzak gizakioi kutsatzea. HIESaren kasua ezin dugu ahaztu, HIVa tximinoen erre- trobirusetako bat baita. Honi, gainera, organo arrotza hartzean gertatzen den errefusa erabatekoa erantsi behar zaio. Horixe azpimarratzen du Rafael Mañez aditu katalanak Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkariaren uztail-abuztuko alean.

Eritasun transmisioa

Egunkariek eman dute be- rria: Edinburgoko Roslin Institutuko ikerlariek, Dollyren gurasoek, xenotransplanteei buruzko ikerketak bertan behera utziko ei dituzte, espezien arteko eritasunak transmititzeko beldurragatik. Halaber, Nature aldizkariak xenotransplanteen bideragarritasunaren auziari argi eman nahi dioten bi lan argirataratuko ditu aurki.

Roslin Institutuko ikerlariak gizakiari transplanteak egiteko organo-bankua izan daitekeen txerri transgenikoa sortzeko ari dira lanean. Ian Wilmut-ek, ikerlarietako batek, eginiko adierazpenen arabera lan ildo hori kolokan egon daiteke. Bi arrazoi aipatu dira: batetik, ikerketa babesten duen Kaliforniako Geron Bio-Med enpresak diru horiek beste zeregin batzuetarako erabili nahi dituela eta, bestetik, enpresa bera arduratuta egon daitekeela xenotransplanteek birus bidezko epidemiak ez ote dizkieten kutsatuko gizakiei. Gauzak horrela, ez dago oraindik garbi ikerketa eten egingo ote den, ezta, horrela balitz, zergatik ere.

Txerri klonikoak

Nature-ko ikerlanek, ordea, argi berria egiten dute xenotransplanteen bi alderdiri buruz. Keith Campbell eta bere lankideek, PPL Therapeutics enpresa eskoziarraren ikerlariak berauek, txerri helduen zelula somatikoetatik abiatuz txerri klonikoak lortu dituzte lehen aldiz —alegia, Roslingoek Dollyrekin egin zuten gauza bera. Era berean, Science-k aste honetan argitaratu duenez, Abere-industriako Institutu Nazionaleko ikerlari japoniarrek gauza bera egin dute fetu-zeluletatik abiatuz. Aurrerapauso hauek genetikoki aldaatutako txerriak zehaztasun handiz erdiesteko bidea ematen dute. Zer esan nahi du honek? Gizakiongan txerrien organoak hartzean errefusa jazotzearen erantzule nagusia txerrien organoetako zelulen mintzeko galaktosa-azukre jakin bat da. Teknika genetikoak erabilita galaktosa hori agertzea gobernatzen duen genea, 1,3-galaktosil transferasa genea preseski, ez espresatzea erdiesten bada, txerriak ez luke galaktosa hori izango bere zelulen mintzean eta gizakiak haren organoak errefusatzeko aukera askoz txikiagoa izango luke. Agidanez, xenotransplanteen bideragarritasuna gertuago dagoke.

Kaliforniako Scripps Research Institute-ko Daniel Salomonek eta bere lankideen lanak txanponaren beste aldea darakusa, ostera. Azaltzen dutenez txerrien erretrobirus endogenoek giza zelulak kutsa ditzake kultiboetan.

Are gehiago, immuno-es- kasia duten saguei txerrien zelula pankreatikoak transplantatu dizkietenean PERV bidezko infekzio zabaldua izan da ondorioa. Txerriak, beraz, gizakiontzako organo-iturri segurua al dira?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia