}

Windows 98 eta Pentium III elkarren ezezagun

1999/05/01 Waliño, Josu - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Merkatu informatikoan dauden bi enpresa handienez ari gara, eta dirudienez ez dute elkar ezagutzen. Azken informazioen arabera, Microsoft-ek kaleratu berri duen Windows 98ak ez ditu Intel-en Pentium III prozesadoreak ezagutzen. Bitartean, AMD enpresa arruntagoaren, Intel-enak baino merke eta azkarragoak diren, txipak jarriko dituzte kalean laster batean.

Bakoitzak bere bideari jarraitzen dio, baina antz handia dago Microsoft eta Intel-en artean. Lehenak helburu nagusitzat softwarea garatzea baldin badu ere, bigarrenak hardwarearen garapena du ogibide. Hori da desberdintasun nagusia. Ondoren datoz antzekotasunak: biek dituzte arazo legalak monopolio-kontuak direla eta, eta biak dira nagusi beren lan-esparruan. Biek kaleratu dute produktu berria azken urtean eta bi produktuak jaio dira polemikaz inguratuta. Windows 98aren kasuan inork ez zekien zehatz zertara zetorren, zertarako behar genuen hau, Microsoft-ek dagoenekoz Windows NTren ondorengoa izango den Windows 2000ren aldeko apustu garbia egina duenean. Pentium IIIaren jaiotza bestelakoa izan da: abiadura handiagoa duela garbi dago, dagoenekoz 450 eta 500 MHz-etan dabiltzan ordenadoreak kalean baitaude, eta laster baterako 600 MHz-etan dabilena iragarri da. Agindu-kopuru handiagoa du txip honek (70 inguru) 3Dko grafiko eta multimediarako bereziki. Honaino ongi, prozesadore egokia da, eta zalantzarik ez dago prozesadoreen merkatuan aurrerapauso garrantzitsua izango dela.

Baina Intel-ek Microsoft-ek bezalaxe bere harrokeriaren marka utzi nahi izan du, eta txip bakoitzari zenbaki propioa eman dio, eztabaidarako bidea zabalduz. Badirudi zenbaki hau Internet-etik irakurri daitekeela, horrela erabiltzailearen pribatutasuna galdu egiten delarik. Intel-en esanetan, merkataritza-elektronikoan segurtasuna handitzeko sistema besterik ez da, baina hainbat taldek Internet kontrolatzeko sistematzat jo dute hau. Dagoenekoz ikus daitezke Internet-en gai honen inguruko inkestak, eta guztietan Intel agertzen da galtzaile. Garbi dago, zibernautek anonimotasunaren ontzian nabigatu nahi dutela. Azkenean erdibideko irtenbidea aurkitu da: txipak zenbakia eramango du, baina aktibatu gabe. Erabiltzaileak soft bidez aktibatuko du hau gustukoa izanez gero.

AMD ere K7 prestatzen

Intel-ek Celeron eta Mendocino txipak kaleratu zituenean hasi ziren AMD eta Cyrix enpresen prozesadoreak indarra hartzen. Azken hauek, Intel-en Pentium IIa bezain azkarrak ziren eta askoz merkeagoak gainera. Horren ondorioz, merkatuan bere tokia izan dute eta Nike edo Adidas erosteari garrantzia ematen ez diogunon artean behintzat arrakasta izan dute. Orain AMD K6-3 prozesadorea kaleratzear dago, eta egindako proben arabera, 450 MHz-eko abiadura duen AMDa, abiadura bereko Pentium IIa baino azkarragoa da, eta zalantzarik gabe merkeagoa ere izango da. Honekin batera, Pentium IIIarekin lehia zuzena egingo duen K7 prozesadorea ere garatzen ari da, eta laister batean izango da merkatuan.

Windows 98 eta Pentium III

Hasieran esan dugunez, beste arazo bat dute Intel-en Pentium III prozesadoreek. Egia esan, ez da prozesadorea arazoa duena, Windows 98a baizik. Badirudi sistema honek ez dituela Pentium IIIak ezagutzen eta Pentium IIa balira bezala erabiltzen ditu. Ondorioz, prozesadoreak eskaintzen dituen aukera guztiak ez ditu behar bezala erabiltzen Windows berri honek. Microsoft eta Intel-ek esan dutenaren arabera, hori ez da arazoa, Pentium IIIa erabiltzaile aurreratuek bakarrik erabiliko baitute oraingoz eta hauek Windows NT eta antzeko sistema fidagarriagoak erabili ohi dituzte. Hala ere, udazkenean kaleratuko den Windows 98aren hurrengo service pack-ak bug hau konponduta ekarriko omen du.

Datorren urtean gainera, NTren hurrengo bertsioa izango den Windows 2000 kaleratuko da (dagoenekoz 99ko udatik 2000ko otsailera atzeratu dute kaleratze hau), Windows 95 eta 98a ordezkatuko dituelarik. Hori ondo dago, NTk, bere anaiek eskaintzen ez duten fidagarritasuna eskaintzen duelako, eta gainera besteak bezala DOSen oinarritzen ez delako. Zer lortu dugu orduan Windows 98arekin? Guk ez dakit, baina Microsoft-ek behintzat diru asko. Ondorioa atera behar handirik ez dago, baina bada ezpada irakurri General Motors-eko lehendakariak Windows-ari buruz esan zituenak.

Windows-a automobilean

Ordenadoreei buruzko azken ComDex azokan, Bill Gates-ek ondorengo adierazpenak egin zituen ordenadoreen industria autoenarekin parekatzean:

“General Motors (GM) teknologiari dagokionez ordenadoreen industria adina garatuko balitz, 25 dolarreko balioa luketen eta galoi bat (4,546 litro) gasolinaz 1.000 miliako (16.093,3 kilometroko) bidea egingo luketen autoak gidatuko genituzke."

Horri erantzunez General Motors-ek, Mr. Welch berak idatzitako prentsa-oharra argitaratu zuen. Honela zioen:

"General Motors teknologikoki Microsoft-en moduan garatuko balitz, ondorengo ezaugarriko autoak izango genituzke:

  • Gure autoak egunean bi matxura izango lituzke (jakineko arrazoirik gabeak).
  • Errepideko lerroak margotzen dituzten bakoitzean, gure autoaren hurrengo bertsioa erosi beharko zenuke.
  • Noizean behin, eta zentzuzko arrazoi ezagunik gabe, gure autoa autopistatik irten egingo litzateke; gertatutakoa besterik gabe onartu, berriz ere autoa martxan jarri eta gidatzen jarraituko genuke.
  • Maniobra jakin bat eginez gero (adib. ezkerrerako errebuelta hartu) eta autoak, besterik gabe, agindua beteko ez balu eta berriz ere martxan jartzera ukatuko balitz, motore berria jarri beharko genioke.
  • Berez norbera bakarrik eser daiteke autoan, ez beste inor. Hori bai, gerora 'Car95' edo 'CarNT' erosteko aukera izango genuke, baina jarritako eserleku bakoitzeko ordaindu egin beharko genuke.
  • Macintosh-ek eguzki-energiaz lan egingo luketen autoak egingo lituzke, askoz fidagarriagoak, 5 bider azkarragoak eta gidatzeko askoz errazagoak, baina kaleen % 5etan soilik ikusiko lirateke.
  • Olioaren adierazlea, gehiegizko tenperaturarena eta bateriarena, ibilgailuaren matxura orokorrerako argi adierazleaz ordezkatuko lukete.
  • Airbag Sistemak 'Ziur al zaude?' galdetuko luke lehertu aurretik.
  • Tarteka gure autoko ate guztiak itxi egingo lirateke inolako arrazoirik gabe. Amarruen bidez ireki ahal izango genuke, ordea, hala nola ateko kirtenari sakatuta aldi berean esku batez giltza giratu eta besteaz irrati-antenari eutsiz.
  • Autoa erosten duzun bakoitzean, GMk bere filiala den marka bateko txartela erostera behartuko gintuzke; ez dio axolarik txartela behar ote dugun edo nahi ote dugun. Txartela ez erostea hautatuko bagenu, gure autoa berehala % 50 geldoago
    bilakatuko litzateke (edo beste zerbait okerragorik gertatuko litzaioke). Ondorioz, General Motors justiziak ikertu egingo luke.
  • General Motors-ek ibilgailu berria aurkeztuko lukeen bakoitzean, gidari guztiek berriro gidatzen ikasi beharko genuke, autoko eragingailuetako bat bera ere ez litzateke eta aurreko ereduan bezala erabiliko.”

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia