}

Viagra

1998/06/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mundu hotz eta orekatu gisara begiratu ohi zaio medikuntzari, poliki-poliki eta zarata handirik atera gabe aurrera egiten duena, arazoak ikusi, aztertu eta ahal dela irtenbideak emanez. Azkenaldian, ordea, bi berrik aztoratu egin dute: batetik, gizonezkoen inpotentzia ordu batzuez gainditzea lortzen duen Viagra izeneko pilularen agerpenak; bestetik, minbizia sendatzen omen duen mirakuluzko botika-koktelaren asmakizunak.

Erekzioa lortzeko edo erekzioari eusteko zailtasuna dutenei konponbidea eman die Viagra izeneko pilulak. Pilulak ez du erekzio-zailtasuna sendatzen, erekzioa lortarazi eta erekzioari eustea ahalbidetu baizik. Pilularen eragina pasatzen denean erekziorako zailtasuna hortxe egongo da.

Viagra Estatu Batuetan sortua da, eta bedeinkazioa ere hantxe jaso du. Izan ere, Estatu Batuetako hainbat unibertsitatetako urologia departamentuetako ikertzaileek osatutako talde batek sakon ikertu zuen Viagra pilularen eragina. Maiatzaren erdialdean argitaratu zen ikerketak hauxe ondorioztatu zuen: “Sildenafila (Viagraren osagarria) eraginkorra da eta gaixoek ondo onartzen dute. Dena den, ez du sexu-gogoa areagotzen½. Ondorio horietara iristeko, aipatu ikertzaileek 532 gizon izan zituzten tratamendupean 24 astez, sexu-harremana izan baino ordu bete lehenago 25, 50 edo 100 miligramo sildenafil emanez, edo placebo bat emanez.

Lanaren bigarren fasean 329 gizonezkori sildenafila eta placeboa eman zitzaien 12 astez. Lana amaitzeko, fase bietan parte hartu eta beste eraginik nozitu ez zuten gizonei, beste 32 astez eman zitzaien botika. Sildenafil-dosia gehitzearekin erekzioaren iraupena eta penetrazioaren hobekuntza etorri ziren, % 69ko arrakasta Viagra hartu zutenen artean eta % 22 placeboa erabili zutenen artean.

Botika segurua?

Erekzioa lortu eta mantentzeaz gain, buruko mina, aurpegia gorritzea, eta digestio-arazoak izan zituzten botika hartzearen ondorio modura. Beraz, berme osoko botika dirudi Viagrak, eragingarria eta bestelako ondoriorik ez duena. Maiatzaren erdialdeko kontuak ziren horiek, gerora Estatu Batuetatik heriotza-hotsak iritsi baitira, antza denez Viagrarekin zerikusi zuzena izan dezaketenak.

Komunikabideek argitaratu dutenaren arabera, Viagra pilula beste botika batzuekin nahastearen ondorioz eta sexu-harremanak izatean egindako ahaleginen ondorioz 16 gizonezko hil dira Estatu Batuetan. Hala eta guztiz ere, Viagra droga segurua dela diote adituek, hildakoek beren gorputzek ahal zutena baino esfortzu handiagoa egiteagatik hil zirela baitiote, gorputza behartzeagatik alegia. “Viagra erabiltzen dutenek —zioten adituek— burua ere erabili behar dute½. 60 urtetik gorakoak dira hildako 16 gizonak.

Erekzio-zailtasuna arazo-iturri

Viagra pilularen eraginkortasunean edo balioan sartu gabe, denborak eta erabiltzen dutenen errealitateak argituko baitu hori, komeniko litzateke gaitzean bertan geldiune bat egitea, hau da, erekzio-zailtasunean. Jatorriari edo arrazoiei begiratuta, inpotentzia-mota bat baino gehiago bereizten da.

Arruntenak, gaixoen % 75ean eragina duenak, jatorri fisikoa du, eta hedatzeko arrazoiak beste era bateko gaixotasunetan aurkitu behar dira; diabetea eta bihotzeko gaitzak batez ere, baina baita nerbio-arazoak, traumatismoak, ebakuntzak, tabakoaren eta alkoholaren gehiegizko kontsumoa, etab. Erekzio-zailtasunerako gainerako % 25ek, beraz, arrazoi psikologikoak ditu, estresa eta antsietatea nagusiki. Adituen arabera, erekzio-zailtasunei aurre egin ahal izateko eragozpenik handiena kaltetuaren jarrera bera izan ohi da, behar bezalako gizona ez dela pentsatzen baitu gaixoak eta, ondorioz, ez du urologoarengana edo andrologoarengana jon nahi izaten.

Modu berean, sexua biren kontua izanik, bikotean arazo ugari sortarazten ditu. “Arazoa ez da berdina —dio Iñaki Carrerak, Irusta kolektiboko kideak— sekula erekzio bat lortu ez duenarentzat, edo baldintza jakin batzuetan eta inguru zehatz batean lortu izan duenarentzat. Garbi dago arazo ezberdinen aurrean gaudela, arrazoi desberdinak baitaude arazo horien gibelean; beraz, konponbidea ere desberdina izan ohi da gehienetan. Viagra erekziorako zailtasunak dituen edonori zuzendu nahi zaio, horrela saldu nahi da, eta argi dago ez dela hori bide zuzena. Sendagileak bezeroari une jakin batean eskaintzeko beste tresna bat gehiago bezala hartu behar da, hots, terapia bat gehiago bezala.

Gizarte falokratiko batean bizi gara eta harremanetan faloari ematen zaio garrantzia, ariketak, jolasak, teknikak etab. alboratuz, bizitza sexuala aberastu eta sexu-harremana, bikote-harremana, lantzeko balio duten beste bide horiek alboratuz. Frigidotasun-arazoa, esate batera, ezkutatu egiten da, ez omen du garrantzirik. Zergatik? Emakumezkoek orgasmoa simulatzeko gaitasuna dutelako? Gizonezkoek ezin dutelako erekzioa simulatu? Erekzio-zailtasunak konpontzeko beste bide batzuk ere badaude; sexua bizitzeko beste era bat alegia½.

Eta emakumezkoentzat zer?

Frigidotasuna aipatzean, emakumeak izan ditu gogoan Iñaki Carrerak. Berak bezala, Viagraren fabrikatzaileek emakumezkoa dute orain helburu, emakumezkoaren orgasmoa erraztu ahal izango duen produktuaren bila baitabiltza. Zentzu horretan, aurrerapausoak ere eman dituzte eta 2000. urterako prest izango dutela aurreratu dute. Mundu osoko emakumezkoen erdiak ez omen du sekula orgasmorik izan. Hori horrela bada, emakumezkoentzat prestatuko duten “Viagrak“ arazoa konpondu egingo luke, baita betirako aberastu ere pilularen asmatzailea eta fabrikatzailea.

Zeharka bada ere, Viagrak izan dezake erekzio-zailtasunekin bizi direnak Iñaki Carrerak aipatzen zituen sexua bizi izateko beste bide horietara hurbiltzeko eragina. Izan ere, geure artera iristen denean, Viagrak errezeta ekarriko du berarekin; hau da, Viagra eskuratu nahi duenak sendagilearen kontsultara joan beharko du, eta hori orain arte sendagilearengana joan ez den gaixoarentzat urrats berri eta desberdin bat izango da.

Sendagileak erabaki beharko du gaitzari zein sendabide eman, bikote-terapia, Viagra, edo erekzio-arazoei aurre egiteko orain arte erabili ohi diren gainerako terapiak: autoinjekzioak, huts-tresnak eta protesiak. Erekzio-arazoak dituztenen % 40k autoinjekzioa aukeratu izan du orain artean. Sexu-harremana izan baino ordu-erdi bat lehenago gizonak berak jartzen du injekzioa, zakilera odola sartzea ahalbidetzen duen injekzioa. Eszitazio-egoera normalean zakileko zainak odolez betetzen dira; zainen konpresioak odola kanpora irtetea eragozten du erekzioa eraginez. Konpresioak dirauen bitartean irauten du erekzioak. Ondorio bera lortzen da injekzioen bidez.

Huts-tresnak arazoa dutenen % 15ak erabiltzen ditu. Zakila hutsa eragiten duen zilindro batean sartzen da eta airea ateratzerakoan odola sartzen da zakilean erekzioa eraginez. Erekzioari eusteko, berriz, zakila lotu egiten da behealdean.

Protesia litzateke sendabideen artean azkena. Silikonazkoak dira gehienak; oso garestiak izateaz gain, ebakuntza eskatzen dute eta, gero, ez dago atzera egiterik. Aipatutako testuinguru honetan agertu da pilula miragarria: neurri handi batean konponbidea ziurtatzen du, oso erraz hartzen da, eta “ez du bestelako eraginik”.

Farmaziak modan

Esandakoagatik, behar bada, jende-uholdea eragin du Viagrak farmazietan; eta baita harridura sortu ere, ez baitzen uste erekzio-zailtasuna zuten gizonezkoen kopurua hain handia zenik. Argitaratu diren datuen arabera, herrialde garatuetan gizonezkoen % 15ek inpotentzia-arazoren bat izango luke eta portzentaia % 35era igotzen da 40 urtetik gorakoen artean. Arazoak ez du heriotzarik eragiten, baina —adituek diotenez— bai ondorio latzak berau pairatzen dutenentzat, frustrazioa eta errudun-sentsazioa lehenik, eta bikote-arazo larriak, sarritan bikote-harremena deuseztera daramatenak, ondoren.

Estatu Batuetan, Gibraltarren, Suitzan eta Andorran saltzen da Viagra oraingoz, eta 30 pilulako potetxoak 62.000 pezeta balio du. Espainiako Estatuan, dirudienez, udazkenean egingo dira aprobak eta datorren urtean jarriko da salmentan, bitartean Andorra berriz ere modan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia