Vera C. Rubin: Berdintasuna, materia iluna
2025/09/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Paperean gonadun silueta bat marraztu, moztu, eta behatokiko komun bakarrerantz abiatu zen. Ateko gizonezko irudiaren gainean itsatsi zuen. Biratu, eta honela esan zien lankideei: “Orain badaukazue emakumezkoen komuna”.
1965ean gertatu zen, Palomar Behatokian (Kalifornia). Vera C. Rubin behatokiko teleskopioa erabiltzeko borrokatu zen; bai lortu ere, baina “behatokian denbora mugatua izango duzu, ez baitaukagu emakumeen komunik” esan zioten. Aitzakia horixe erabiltzen zuten emakumeak ez onartzeko, instalazioak ez zeudela emakumeentzat prestatuak. Rubin izan zen onartu zuten lehena. Hark erraz konpondu zuen arazoa.
Halakoa zen Rubin; baikorra eta kementsua. Izaera horri esker lortuko zuen, neurri handi batean, astronomo izatea. Oso gaztetatik zuen amets hori. Alabaren jakin-gosea asetzeko, amak zientzia-liburuak eskuratzen zizkion. Eta aitak astronomiazaleen bileretara laguntzen zion. Aitaren eta bien artean teleskopio bat ere eraiki zuten kartoizko hodi batekin eta leiar txiki batzuekin. “Hamabi urte inguru nituenean, nahiago nuen izarrei behatzen gelditu, lotara joan baino”, kontatuko zuen.
Ikasteko eta ikertzeko irrika handiagoa izan zen beti emakume izateagatik topatuko zituen oztopoak baino. “Zientziatik urrun mantentzen bazara, dena ongi joango da”, esan zion institutuko irakasle batek. Eta Swarthmoreko Unibertsitatean sartzeko egin zuen elkarrizketan gomendatu zioten ezen, astronomia eta margotzea gustatzen zitzaizkionez, astronomiako irudiak egitea izan zitekeela irtenbidea.
Vassar College emakumeentzako unibertsitatean ikasi zuen astronomia. Gero, Princetongo Unibertsitatean sartzen saiatu zen, baina ezezkoa eman zioten, ez baitzuten emakumerik onartzen. Cornellen sartzea lortu zuen, fisika ikastera. Han, masterreko tesia egin zuen, galaxien mugimenduaren ingurukoa. Emaitzek iradokitzen zuten galaxiek polo baten inguruan orbitatzen dutela. Lana aurkeztu zuenean, hautsak harrotu zituen, eta kritika asko eta itsusiak jaso zituen. “Ama gazte batek unibertsoaren bere teoria dauka” izenburua argitaratu zuen Washington Post egunkariak.
Une gogorra izan zen, baina Rubinek ez zuen etsi. Haur txiki batekin, eta bigarrenez haurdun zegoela, doktoretzari ekin zion Georgetown Unibertsitatean. Etxean idatzi zuen tesia, gauez, haurrak lo zeuden bitartean. Tesi hartan frogatu zuen galaxiak ez daudela ausaz banatuta, baizik eta puntu batzuetan gehiago pilatzen direla. Hori ere eztabaidatsua zen garai hartarako, eta ez zuen inork aintzat hartzea lortu, ezta lana argitaratzea ere. Hamabost bat urtera hasi ziren beste batzuk ondorio berera iristen.
1965ean Carnegie Institutuan hasi zen lanean, eta han lortu zuen Palomar Behatokian onartua izatea. Kent Fordekin batera, galaxietako izarren mugimenduak aztertu zituen. Andromedatik hasi ziren, eta espero zitekeenaren kontrakoa topatu zuten.
Garai hartan, ziurtzat jotzen zen galaxietako izarrek Eguzkiaren inguruan dabiltzan planetek bezala jokatuko zutela; alegia galaxiaren erdigunetik zenbat eta urrunago, orduan eta motelago orbitatuko zutela. Rubinek eta Fordek, ordea, ikusi zuten galaxiaren kanpoaldeko izarrak erdigunetik gertu zeudenen abiadura berean ari zirela orbitatzen. Eta, abiadura horretan, kanpoko izarrek galaxiatik ihes egin beharko zuketen. Izarren masa ez zen nahikoa galaxia elkartuta mantentzeko. Materia-kantitate handi bat falta zen.
Aztertu zituzten beste 60 galaxia, eta gauza berbera ikusi zuten denetan. Rubinen kalkuluen arabera, zuzenean ikus daitekeen materia arrunta baino bost-hamar aldiz masa gehiago behar zuten galaxiek.
Rubinek, orduan, Fritz Zwickyk 1933an proposatutakoa gogoratu zuen. Hark, behatoki beretik egindako behaketekin, ondorioztatu zuen ezen Coma kumuluan izarren masa ez zela nahikoa kumuluko mila galaxia baino gehiago grabitatearen indarrez elkartuta mantentzeko. “Masa galdua” deitu zion hark. Materia iluna deituko zioten gero.
Zwickyri ez zion inork sinetsi. Ezta Rubini eta Fordi ere, hasieran. Baina frogak hain ziren argiak, laster argi gelditu baitzen arrazoi zutela. Hurrengo urteetan, 200 galaxia baino gehiago aztertuta, Rubinek kalkulatu zuen unibertsoko materiaren % 90 inguru materia iluna zela; ikusezina, bai, baina eragiten duen grabitazio-efektuagatik, detektagarria. Honela idatzi zuen: “Materia ilun hau hain da garrantzitsua unibertsoaren tamaina, forma eta patua ulertzeko, ezen, ziur asko, haren bilaketa nagusi izango baita astronomian hurrengo hamarkadetan”.
Ez zebilen oso oker. Oraindik unibertsoko misteriorik handienetako bat da materia iluna. Eta horixe da aurten martxan jarri den Vera C. Rubin behatoki astronomikoaren helburuetako bat. Astronomiarako inoiz egin den kamerarik handiena dauka, eta gauero datu-kopuru izugarria jasotzeko gaitasuna. Emakume baten izena daraman lehen behatoki estatubatuarra iraultzailea izan daiteke.
Iraultzailea izan zen Rubin bera ere, eta ez soilik egin zituen aurkikuntza astronomikoengatik. Emakume izategatik izan zituen oztopo guztiak gainditu eta bideak irekitzeaz gain, ahalegin handiak egin zituen beste emakume ikertzaileen karrerak sustatzeko, emakumeek batzorde eta kongresu zientifikoetan parte hartzeko, emakume irakasle gehiago kontratatzeko, eta abar. “Mundu zabalean, garunen erdiak emakumeenak dira”, esan ohi zuen. Eta “zientzian ez dago gizon batek ebatzi dezakeen problemarik, emakume batek ebatzi ezin duenik”.
Espiritu horri eutsi nahi zion, nonbait, Rubin Behatokiak ere; Trump iritsi zen arte. Behatokiko webgunean, Rubini buruzko orritik paragrafo hau desagerrarazi zuten, esaterako: “Zientzia gizonezkoek menderatutako esparrua da oraindik, baina Rubin Behatokiak lan egingo du emakumeen eta historikoki zientziatik kanpo geratu diren beste pertsona batzuen parte-hartzea areagotzeko”.
Rubinek berak bazekien gauzak aldatzea ez zela erraza izango. Honela esan zuen 2005ean: “Emakume gazteek egin beharko duten borroka da hau. Duela hogeita hamar urte uste genuen borroka laster amaituko zela, baina berdintasuna materia iluna bezain iheskorra da”.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia