}

Venter ez da Frankenstein doktorea

2010/06/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Komunikabide batzuetan kontrakoa agertu bada ere, Craig Venterrek ez du bizi artifiziala sortu. Beraz, ez da zilegi Frankenstein doktorearekin parekatzea, nahiz eta Venterrek, seguru asko, gustura hartuko zukeen ezizen hori. Izan ere, bere helburua bete duela adieraziko luke horrek; alegia, gai izan dela bizidun bat sortzeko elementu kimiko bizigabeetatik abiatuta. Alabaina, ez du horrelakorik egin. Oraindik.

Hori bai, aitortu behar zaio pauso batzuk eman dituela bide horretan. Azkenekoa bere laborategietako ikertzaile batek aurkeztu du, Daniel Gibsonek . Gibsonek eta haren taldekideek lehendik existitzen den bakterio baten genoma sintetizatu dute laborategian ( Mycoplasma mycoides bakterioarena), eta beste espezie bateko bakterio baten barruan sartu dute ( Mycoplasma capricolum bakterioan). Horrela, genoma sintetikoak kontrolpean hartu du zelula hartzailea: hartzaileak Mycoplasma mycoides bakterioaren itxura hartu du, eta haren proteinak ekoizten ditu.

Craig Venterrek ez du bizi artifiziala sortu (oraindik), baina pauso garrantzitsua eman du bide horretan.

Bati baino gehiagori ez zaio hain aurrerapauso handia iruditu, ez dutelako lehendik ez zegoen ezer sortu. Sintetizatutako genoma lehendik existitzen den baten kopia da, eta zelula hartzailea ere ez dute sortu. Alabaina, egin dutena lortzea ez da erraza, inondik inora ere. Egin kontu: 40 milioi dolar eta hamar urte baino gehiago behar izan dituzte horra iristeko.

Science zientzia-aldizkaria ospetsuan argitaratu dute azken ikerketa hori , eta hemendik aurrera bide horretan lanean jarraituko dutela adierazi dute. Helburu jakinetarako aproposak izango diren bakterioak diseinatzeko eta sortzeko metodologia garatzea da Venterren asmoa; esaterako, atmosferako karbono dioxidoa xurgatzeko, erregaiak ekoizteko edo sendagaiak sintetizatzeko gai izango diren bakterioak sortzea.

Asmo horrek, baina, kezka eragin die zientzialari batzuei. Nature zientzia-aldizkariak zenbait adituri iritzia eskatu die, eta George Church Harvard Unibertsitateko genetikariak bi eratako arriskuak ekar ditzakeela ohartarazi du: bioerrorea eta bioterrorismoa. Hau da, nahi gabe edo nahita, bakterio kaltegarriak sortzeko arriskua dagoela uste du. Eta ez da bakarra. Nature n iritzia ematen duten aditu gehienek beharrezkotzat jotzen dute alderdi etikoari buruz eztabaidatzea eta arriskuak neurtzeko eta gutxitzeko arauak ezartzea.

Dena den, ikerketa garrantzitsua dela ere aitortzen dute, batez ere bizia zer den, nola sortzen den eta nola eralda daitekeen ulertzeko lagungarria den aldetik. Horrez gain, orain arte zientzia-fikziokoak ziruditen aukerak egiazkoagoak bihurtzen dituela onartu dute Nature k elkarrizketatutako zientzialariek.

Bestelako iritziak eta bestelako ikerketak

Antzeko iritziak irakur daitezke beste aldizkari eta webgune espezializatu batzuetan. Baina tartean badira umorez hartu dutenak ere. Richard Dawkins zientzialariak, ateismoa hedatzeko egiten duen ahaleginagatik ezaguna bada ere, beste gai askotaz ere idazten du bere webgunean. Oraingoan, Venterren ikerketaren harira, eta neanderthalaren genoma deskodetu dutela aprobetxatuz, neanderthala pizteko aukerari buruz aritu da Craig Venter's Brave New World izeneko artikuluan (Craig Venterren mundu berria, Aldous Huxley-ren "Bai mundu berria" liburuari erreferentzia eginez).

Edonola ere, batzuetan uste baino hurbilago dago errealitatea fikziotik. Joan den astean, birus informatiko batek kutsatutako lehen pertsonaren berri eman zuten. Readingeko Unibertsitatean (Britainia Handia) gertatu da: Mark Gassib ikertzaileak txip bat ezarri zuen bere eskuan,larruazalaren azpian, osasuna hobetzeko inplanteak ikertzeko esperimentu batean. Bada, birus batek txipa infektatu du, eta ordenagailu nagusiarekin komunikatzeko sistema blokeatu egin du. Halako inplanteek izan ditzaketen arriskuak agerian jarri ditu gertaerak.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia