}

Van Der Waals, Johannes Diderik

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1837-1923)

Fisikari nederlandarra Leiden-en jaio zen 1837an. Ikasle fina eta ikerlari porrokatua izan zen gaztetan eta 1862an Leiden-go Unibertsitatera joan zenerako bere garaiko fisikari gehienen teoriak ezagutzen zituen.

Doktoratu zenean, gasen izaerari eta likidotze-prozesuari buruzko tesia aurkeztu zuen. Azalpenaren argitasunak berehala piztu zuen zientzilarien jakinmina eta 1877an fisikako irakasle-postua eskaini zioten Amsterdam-go Unibertsitatean. Berton burutu zituen bere ikerketa guztiak eta erretirorako adinera iritsi zen arte irakasle gisa egin zuen lan.

Van der Waalsen asmoa Boyleren eta Charlesen teoriak berritzea zen. Boylek presioaren eta bolumenaren arteko erlazioa zehaztuta zuen ordurako eta Charles-ek tenperaturaren eta bolumenaren artekoa definituta. Edonola ere, lege horiek errealitatean ez zirela beti betetzen eta gas idealen kasuan baino ezin zitezkeela benetako legetzat hartu uste zuen. Hurrengo urteetan gas idealen eta gas arrunten arteko desberdintasunak aztertu zituen eta horretarako Maxwellen eta Boltzmannen teoria zinetikoan oinarritu zen, 1873an gasen ekuazioa berritu egin zuen, kasu jakin bakoitzean kontutan hartu behar diren bi aldagai berriak definituz. Batetik, gas bakoitzak dituen molekulen ezaugarriak kontutan hartu behar direla esan zuen eta bestetik, molekulen arteko elkarrekintzak zertan berdina izan beharrik ez zegoela esan zuen. Ekuazio berriak Van der Waals izena darama bere aurkitzailearen omenez.

Ekarpen molekularren indarrak aztertzeko egindako saioengatik, 1910. urtean Fisikako Nobel Saria eskuratu zuen.

Van der Waalsen ekuazioak ordurarte ontzat ematen ziren beste zenbait postulatu zuzentzeko balio izan zuen. Gasa hedatzen denean bere tenperatura jaitsi egiten dela onartuta zegoen Joule-Thomson efektuaz geroztik, baina hori ez dela kasu guztietan berdin gertatzen esan zuen Van der Waalsek. Efektu hori gas bakoitzaren bereizgarri den tenperatura batetik behera baino ez dela ematen esan zuen eta helioaren zein hidrogenoaren kasuak aztertzeari ekin zion. Ideia horiek zero absolutuaren bilaketa bizkortu egin zutela esan ohi da eta neurri handi batean, Van der Waalsen ekarpenen artean zerrendatu ohi da hori ere.

Bere ikerlari-urterik oparoenak Amsterdam-en eman zituen Van der Waals-ek. Halaber, hortxe aurkitu zuen heriok 1923an bere bila joan zenean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia