}

Uzta berriak

1989/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Landare-bioteknologoak uzta-mota guztiak genetikoki tratatzeko metodoak garatzeko bidean daude.

Injinerutza genetikoak emango dizkien tresnei esker, landareei ezaugarri berriak emateko moduan egongo dira. Injinerutza genetikoko konpainietan lanean diharduten teknikarien bilera batean esan denez, hiru urte barru teknika hauek azokan izango dira.

Injineru genetikoek 1980.eko hamarkadaren hasieran lortu zuten tabakoaren landarea genetikoki transformatzea eta berriki gauza bera egin dute kotoi, tomate eta hosto zabaleko beste landare askorekin.

Dena den, hosto estuko landareekin ez dute horrelako arrakastarik izan. Hosto estuko landareen artean munduko uztarik garrantzitsuenak, hala nola arroza, artoa eta garia, ematen dituztenak daude. Orain arte egondako oztopoak desagertzen ari dira.

Artoaren informazio genetikoa aldatzeko bide desberdinak probatzen ari dira eta bi urte baino lehen arazoa konpondua dela espero da. Arrozak ez ditu arazo larriak planteatuko baina garia aldatzea askoz zailagoa izango da. Azken kasu honetan arazoa ez da DNA berria zelula-kulturan sartzea; zelula hauek landare oso bihurtzean baizik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia