}

Uste baino epe luzeagoko ondorioak

1987/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Itsasoan gertatzen diren petrolio-isuriek uste baino denbora luzeagotan izan ditzakete ondorio kaltegarriak. Oraindik orain 1978.ean jazo zen Amoco Cadiz petroliuntziaren isuriak Bretainia aldeko arrainen ugalketa oztopatzen ari da.

Isuria gertatu zen une beretik, biologoek bertako itsas fauna arretaz aztertuz ibili dira. 1978.ean platuxa ez zen egokiro hazi; hegatsetan lesioak zeuzkaten eta asko ez ziren elikatzen. Oraindik ere Bretainiko platuxek ugaltze-organo anormalak garatzen dituzte.

Bretainiako kostaldeko platuxa emeak, beren hirugarren urtean heldutasunera iristen dira. Obulutegiak neguan zehar garatzen dira eta otsaila eta martxoan erruten dute. Egindako azterketek aditzera eman dutenez, platuxa emeen obulutegiek kalteak dituzte proportzio handian.

Ibai-estuariotako jalkinak (non platuxak bizi bait dira) poluituta jarraitzen dute oraindik. 1984.ean, hidrokarburo polizikliko arriskutsuen 100 miliaren zati zeuden; ostren haragian kantitate hori bikoiztu egiten zen. Bertan bizi diren platuxak, poluitutako jalkinekin harremanetan izan dira beren bizitza osoan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia