}

Uso-kaka… edo unibertsoa

2019/10/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Ez da ohikoa uso-zirina garbitzera joatea… eta Unibertsoaren sorrera aurkitzea!

uso-kaka-edo-unibertsoa

1940ko hamarkadan, G. Gamow eta beste zientzialari batzuk Big Bangaren teoria frogatu nahian zebiltzan. Teoria haren arabera, energia izugarria askatu zen Unibertsoaren sorreran, eta gaur egun erradiazio termiko ahul baten gisara egongo litzateke, Unibertsoan zehar, energia haren hondarra: hondo-erradiazio kosmikoa zeritzoten. Bilatu bai, baina hasieran ez zuten aurkitzen hondar haren zantzurik.

1964an, R. Wilson (1936-  ) eta A. Penzias (1933-  ) irrati-astronomoak irrati-uhinei buruzko ikerketa bat egiten ari zirela, definitu ezin zuten hondo-zarata bat aurkitu zuten. Uso-zirinagatik zela pentsaturik, goitik behera garbitu zuten antena kaka guztiaz… baina alferrik. Zer arraio zen nonahitik zetorren zarata madarikatu hura?

Penziasek, txiripaz, B. Burke irrati-astronomoari aipatu zion kontua, eta Burkek (txiripaz hark ere!) esan zion Dicke eta Peebles fisikariak Big Bangaren erradiazio fosilaren bila zebiltzala. Zarata demonio hura ote?

Dickek eta Peeblesek, aurrekoen antena aztertzean, garbi izan zuten: “Bietako bat: ikusten ari garena uso-kaka da edo Unibertsoaren sorrera da”. Hitzez hitz. Bigarrena zen zuzena.

Penziasek eta Wilsonek aurkitutakoa argitaratu zuten, ideia handirik izan gabe interferentzia hura zer demontre zen… eta Nobel saria eman zieten! Dickek eta Peeblesek, berriz, dena ulertu eta arrazoitu arren, hitz onak baino ez zituzten lortu.

Zorte bitxia: gutxien espero denean, uso-kakatik Unibertsoaren sorrerara joan zaitezke, ia konturatzeke. Eta, postre gisa, Nobel saria!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia