}

Urpekarientzat lagungarri

2001/01/25 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Marrazoak kenduta, urpekariek duten arriskurik handiena presio-aldaketan datza. Itsas sakonetik azkarregi ateraz gero, presioa txikitu eta odolean aire-burbuilak sor daitezke. Aire-kantitaren arabera, ondorioak askotarikoak izan daitezke, azaleko negalak, paralisia edo heriotza. Deskonpresio-gaitza deitzen zaio.

Eskozian odoleko gasa aztertzen duen gailua garatu dute. Urpekariak eskumuturrean eraman dezakeen neurgailu txiki horren bitartez, azkarregi noiz ari den azaleratzen jakin dezake. Orain arte, deskonpresio-arazorik igartzeko modu bakarra ur-azaletik erabili behar den ultrasoinuen bidezko sistema bat zen. Sistema hori martxan jartzeko, urpekaria murgildu baino lehenagoko odol-laginekin ultrasoinuak kalibratzea ezinbestekoa da. Erreferentzia-sistema horirek zehaztasun-arazoak ematen ditu.

Orkney uharteetako Heriot-Watt Unibertsitateko Bobby Forbes zientzialariak garatu du eskumuturreko neurgailua. Aire-burbuilak detektatzen ditu ultrasoinuen bitartez, baina aurreko kalibratzea beharrik gabe. Gailuak, gainera, urpekariaren jarduera etengabe erregistratzen du.

Egilearen arabera, deskonpresio-kasuak asko gutxi dezake eta, gainera, urpekari esperientziadunen trebakuntzarako baliagarri izan daiteke.

Egunkarian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia