}

Ura: hain beharrezkoa eta hain urria

2003/06/05 Elhuyar Zientzia

Aurtengo Ingurumen Egunerako Nazio Batuek aukeratu duten leloa zirraragarria da: "Bi mila milioi lagun ari dira hiltzen ur gabeziagatik". Kopuru gordina bada ere, horretaz jabetzeko beste datu batzuk ere ematen dituzte Nazio Batuek; adibidez, sei lagunetik batek ez du ur gezarik eskura. Horretaz gain, 2,4 mila milioi lagunek ez dute ur garbia lortzeko sistema egokirik, eta, horren ondorioz sortzen diren gaixotasunen erruz, segundoko haur bat hiltzen da.

Beraz, argi dago leloa ez dela besterik gabe aukeratu. Gordina da, baina egoera ere halakoa da. Hain juxtu, 2003a Nazio Batuen Ur Gezaren Urtea da, eta aurtengo Ingurumen Egunean ura zaindu beharreko altxorra dela ohartarazi nahi dute.

Egun horren asmoa ez da soilik gobernuak neurriak hartzera bultzatzea. Gizarte osoa jabetzea nahi dute, eta, horretarako, sektore bakoitzari zuzendutako hainbat ekimen jarri ditu martxan. Izan ere, etorkizunerako Nazio Batuek egiten dituzten aurreikuspenak ez dira oso baikorrak. Gaurko joera aldatzen ez bada, 20 urte barru orain baino % 40 ur gehiago erabiliko du gizakiak, eta askoz jende gehiagok pairatuko ditu ur-gabeziaren ondorioak.

Irtenbidea ez dago lagun bakar baten eskutan; topikoa bada ere, guztiok egin dezakegu zerbait. Seguru batek baino gehiagok konturatu gabe gastatzen duela behar baino ur gehiago. Eta zuk... uraren laguna zaren jakin nahi al duzu? Erantzuna baiezkoa bada, hemen duzu Nazio Batuen Ingurumen Programak prestatutako test bat.

Irudia: Nazio Batuak/UNEP

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia