}

Ura detektatu dute exoplaneta habitagarri baten atmosferan

2019/09/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ura-detektatu-dute-exoplaneta-habitagarri-baten-at
K2-18b planetaren eta bere izarraren irudikapen artistikoa. Arg. ESA/Hubble/M.Kornmesser

Azken hamarkadan, Lurretik zein espaziotik egindako behaketetan, frogatu dute ura oso elementu arrunta dela exoplaneta gaseosoen atmosferan. Baina astrofisikariak orain iragarri dutenaren bila zebiltzan, alegia, alegia, atmosferan ura duen arrokazko exoplaneta baten bila. Izan ere, tenperatura eta beste faktore batzuekin batera, ura da exoplaneta bat habitagarritzat jotzeko gako nagusietako bat. Azkenean, aurkitu dute: K2-18 b planetaren atmosferako azterketa espektroskopikoak baieztatu du ura duela.

Nature Astronomy aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Hubble teleskopioaren bidez aurkitu zuten planeta, 2015ean. Berez, ezin izan zuten zuzenean ikusi; bere izarra eta Lurraren artean igarotzean sortzen zuen eklipseari esker izan zuten haren berri. Eklipseak aztertuta, ondorioztatu zuten bere izarretik 22 milioi kilometrora dagoela, hau da, Lurra eta Eguzkiaren arteko distantziaren % 15era. Izarra, berriz, Lurretik 110 argi-urtera dago, Leo konstelazioan. Nano gorri bat da, eta 3.200 ºC-ko tenperatura du azalean (Eguzkiak 5.500 ºC ditu). Horrenbestez, planeta eremu habitagarrian dago, ikertzaileen iritziz.

Exoplanetaren diametroa Lurrarenahalako bi da, eta masa, Lurrarena halako zortzi. Eta, ikerketaren arabera, ez dago zalantzarik: haren atmosferan ur-lurruna dago. Horrez gain, hidrogenoa eta helioa ere badaude, eta uste dute litekeena dela metanoa eta nitrogenoa ere egotea.

Exoplaneta batean ura aurkitu duten lehen aldia bada ere, ziur dira ez dela azkena izango. Hain zuzen, aurreratu dute TESS espazio-teleskopioak exoplaneta ugari detektatzea espero dutela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia