}

Unibertsoaren alde iluna

2007/04/18 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Orain arte guztiz iheskorra suertatu den zerbaiten atzetik dabiltza azkeneko ia laurogei urteetan astrofisikariak. Zerbait horrek badu izen bat, materia iluna, eta badu zeregin handi bat, fisikaren oinarrizko legeak betearaztea. Zer den, ordea, ez dakite, eta, detektatu ere, ez dute inoiz detektatu. Baina fisikari gehienek uste dute egon badagoela; are gehiago, materia iluna galaxien masaren % 95 inguru dela kalkulatu dute.
Materia ilunaren hiru dimentsioko mapa bat osatu dute astronomoek (Argazkia: NASA, ESA eta R. Massey/California Institute of Technology))

Begiratu batean, pentsa liteke laurogei urtez bilatu eta aurkitu ez den zerbait existitzen dela konbentzituta esatea fede-kontua dela kasik. Hala ere, oso gutxik egiten dute zalantza; izan ere, materia ilunaz zalantza egitea fisikaren oinarrizko legeez zalantza egitea da, neurri batean.

Unibertsoan ikusten ez den materia dagoela 1933an proposatu zuten lehenengoz, galaxia batzuen higidura azaltzeko. Izan ere, galaxia haiek ikusten zen masa bakarrik baldin bazuten, motelago higitu behar zuten, grabitazioaren lege unibertsala zuzena izatekotan. Eta grabitazioaren lege unibertsala ez da edozer gauza: duela hirurehun urte baino gehiago aurkitu zuen Newtonek , eta fisikaren oinarrizko legeetako bat da. Lege horren arabera, grabitate-indarra ahulduz doa bi gorputzen arteko distantzia handitu ahala; zehazki, distantziaren karratuaren arabera ahultzen da indarra, hau da, distantzia bikoiztuta, grabitate-indarra lau aldiz txikiagoa egiten da. Legea eta legea matematikaren hizkuntzarekin adierazten duen formula garbiak eta biribilak dira, hitz batean eleganteak, eta errealitatea ondo deskribatzen dute. Baina galaxia haiek ez zuten legea betetzen. Galaxien masak handiagoa behar zuen legea betetzeko, eta horregatik proposatu zuten ikusten ez zen materia ere bazegoela galaxia haietan: materia iluna.

Galaxia haien ondotik, materia ilunik egon ezean fisikaren oinarrizko legeak betetzen ez dituzten fenomeno gehiago behatu dituzte unibertsoan, eta, gaur egun, ontzat ematen dute materia iluna existitzen dela (areago: materia ilunaz gain, energia iluna ere badago unibertsoan, eta horrek azalduko luke zergatik ari den unibertsoa geroz eta azkarrago hedatzen). Fisikariek eredu estandarra sortu eta erabiltzen dute unibertsoa ulertzeko, Einsteinen erlatibitate orokorrean (Newtonen legeak barne daude) eta materia ilunaren existentzian oinarrituta; eta materia iluna zer den jakin ez arren, eta inoiz detektatu ez duten arren, neurketak bat datoz ereduarekin.

Astrofisikariak uste dute galaxien masaren gehiengoa materia iluna dela. Argazkia: NASA-GSFC

Beraz, gehienen esanean, materia iluna ez da inolaz ere fede-kontu bat: existitzen da, masa du, eta, grabitateari dagokionez, ikusten denak bezala jokatzen du, nahiz eta gainerakoan ez duen guk neur dezakegun elkarrekintzarik. Gehiengo horrentzat, hurrengo urteetako erronka da materia iluna detektatzea. Gutxi batzuek, ordea, kontrako bideari heldu diote. Haien esanean, materia iluna asmakizun bat da, edozer da, neurketak eredu estandarraren bidez azaldu ahal izateko behar den hori, eta ez partikulen fisikan oinarritutako iragarpen bat. Esan liteke materia iluna zuzenketa-faktore gisa erabilita errealitatea teoriara egokitu nahi izana leporatzen diotela, nolabait, gehiengoari. Horregatik, materia iluna alde batera utzi eta fisikaren oinarrizko legeak berraztertzeari ekin diote. Teoria batzuk taxutu dituzte, eta materia ilunaz baliatu gabe zenbait fenomeno azaltzeko gai izan dira; baina emaitza biribilik ez dute eman, eta, oraingoz, ezin diote eredu estandarrari lehiarik egin. Lehian sartzeko gogor egin beharko dute lan gainera, ondo errotutako eredu bat moldatu nahian ari baitira, eta gauza jakina da zenbat kostatzen diren horrelakoak. Zalantzarik gabe, eztabaida interesgarria da.

Berrian-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia