}

Unibertsoak etengabe hedatzen ari den egitura laua du

2000/05/02 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Azken neurketen arabera, unibertsoa ez da kolapsatuko. Etengabe hedatzen ari da disko bat balitz bezala

Kalkuluek diotenaren arabera, duela 15.000 milioi bat urte «jaio» zen unibertsoa izugarrizko leherketa baten ondorioz. Big Bang izena eman zitzaion, hau da, Leherketa Handia. Handik aurrera, unibertsoa hedatzen hasi zen. Hori Hubble izeneko astronomoak frogatu zuen. Inguruko galaxia guzti-guztiak urruntzen ari ziren. Gero eta urrutiago ikusten zirenez, ondorio posible bakarra unibertsoa etengabe hedatzen ari zela zen.

Hedapen horren abiadura erabilita, materia guztia barreiatzen noiz hasi zen kalkulatu zuten, hau da, unibertsoaren adina jakin izan zuten. Duela hilbete batzuk Hubble teleskopio ospetsuaren behaketa batzuen emaitzak argitaratu ziren. Hedapen abiaduraren datu zehatzagoak ziren eta ustez baino azkarragoa zela iragarri zen. Beraz, unibertsoa «gazteagoa» zen. Datu berriek 14.500 milioi urteko adina, dakigunaren arabera.

Unibertsoaren etorkizuna

Zer gertatu den materia hori guztiarekin puntako galdera da astronomoen ikerketeetan. Oso zientzialari ospetsuek ekarpen berriak kaleratu dituzte. Horietatik inportanteenetako bat Albert Einstein izan da. Erlatibitatearen teoria konplexua enuntziatu zuen. Teoria horretaz unibertsoaren etorkizunari buruzko ideia berria azaltzen zen. Unibertsoa leherketaren ondorioz hedatu egingo zen, baina ez betirako. Une batean, materia osoaren erakarpena dela eta, hedapena gelditu eta berriz bildu egingo zen kolapsatu arte. Efektu horri Big Crunch deritzo, hau da, Kolapso Handia. Gero, beharbada, beste Big Bang bat gerta liteke eta zikloa osatu.

‘Boomerang’ proiektua

Orain, nazioarteko ikertzaile talde baten eskutik datu berriak izan ditugu. Burua italiarra da, Paolo de Bernardia, alegia, eta Romako La Sapienza Unibertsitatean egiten du lan. Nature aldizkarian argitaratu ditu emaitzak beste 35 zientzialariekin batera. Antartikatik jaurtitutako globo batean instalatutako mikrouhinen teleskopioa erabili dute behaketak egiteko. Oraingoan lurrazalaren gainetik 38 bat kilometrora igo eta unibertso zati bateko mikrouhinak aztertu dira. Hegaldia 1998ko abenduan burutu zen, 10 eguneko iraupenarekin. Jasotako informazioa laborategira eraman eta aste honetan argitaratu dira.

Big Bang leherketak utzitako argi zati bat denborarekin mikrouhin bihurtu delako. Mikrouhinak ez daude unibertsoan homogeneoki banaturik eta hori da Boomerang proiektuan arakatu dena. Horretarako sentikortasun handiko teleskopioa erabili da. Zientzialariek gure galaxian sortutako eta kanpotik etorritako mikrouhinak ezberdintzeko gauza dira.

Horren ondorioz, unibertsoaren bilakaeraren ideia aldatu da. Diotenez, aztertutako erradiazioaren datuetan ikusten da unibertsoaren hedapena geometria ia laua duela. Baina horrek ondorio bitxia dauka. Modu horretan barreiatuta, materia ez da gai izango hedatzen gelditzeko eta jatorrizko puntuean berriz trinkotu eta kolapsatzeko. Mugarik gabeko hedapena da. Einsteinek idatzi zuenaren aurkako teoria dugu hau, baina ez dugu horregatik bertan behera utzi behar harek esandakoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia