}

Unibertsitatean, euskarazko liburuak

2007/02/01 Ansa Maiz, Lurdes - Elhuyar Edizioak Iturria: Elhuyar aldizkaria

Elhuyar Fundazioak unibertsitateko beste bost liburu argitaratu ditu. Elhuyarrek bere ibilbidearen ia hasieratik bertatik argitaratu ditu unibertsitate-mailako liburuak; beraz, badaramatza ia 30 urte jardun horretan.
Unibertsitatean, euskarazko liburuak
2007/02/01 | Ansa Maiz, Lurdes | Elhuyar Edizioak
(Argazkia: E. Carton)

Gaur egun, unibertsitaterako liburuen 23 izenburu ditu Elhuyar Fundazioak katalogoan, eta orain aurkezten ditugun beste bost izenburuak laster sartuko ditugu. Gaiari dagokionez, elkarrekin zerikusirik ez duten bi multzotan bana daitezke bost liburu horiek.

Ingeniaritza

Multzo honetan kokatzen dira Estatistika, Zirkuituen teoriako 100 ariketa eta Kontrol digitalaren oinarriak liburuak. Hirurak ingeniari eta unibertsitateko irakasleek prestatu dituzte.

Estatistika Itziar Gurrutxagak, Jon Iradik, Ibon Zamanillok eta Ernesto Cilleruelok atondutako lana da. Besteak beste, probabilitatearen axiomatika eta kalkulua, dimentsio bakarreko zein bi dimentsioko aldagaiak, funtzioak, banaketa diskretuak eta jarraituak, limite-teoremak, balioztatze-teoria, konfiantza-tartea eta banaketari buruzko hipotesiak lantzen dira, betiere, industrian aplikatzeko estatistikaren oinarrizko kontzeptu bateratuak ezartzeko xedez.

Zaloa Aginakok, Koldobika Joseba Sagastabeitiak, Faustino de la Bodegak eta M. Dolores Gutierrezek, berriz, Zirkuituen teoriako 100 ariketa liburua prestatu dute. Zirkuitu elektrikoen ebatzitako eta komentatutako 100 ariketaren bilduma osatu dute, unibertsitateko erdi-mailako zein goi-mailako ikasketak egiten ari den ikasleak erabiltzeko. Gai hauek landu dituzte: uhin-formak, korronte zuzeneko zirkuituak eta korronte alterno monofasikoa egoera iraunkorrean, lotura magnetikoko zirkuituak...

Gerardo Tapiak, Arantza Tapiak eta Julian Florezek Kontrol digitalaren oinarriak liburua egin dute. Honako gai hauek landu dituzte: sistema laginduen tratamendu matematikoa, kontrol-sistema digitalak, sistema diskretuen analisia, kontrol- sistema digitalen analisia eta kontrol-begiztaren osagaiak; hori guztia kasu praktikoen azterketarekin osatuta.

Elikadura eta nutrizioa

Gasteizko Farmazia Fakultateko Edurne Simon eta Bittor Rodriguez irakasleen lanaren emaitza dira Bromatologia eta Giza nutrizioa eta dietetika liburuak. Bata zein bestea erabilgarri izan daitezke, ez bakarrik unibertsitateko irakasle eta ikasleentzat, baita nutrizionista eta dietistentzat ere.

Bromatologia lanean, elikagaien inguruko definizioak eman, sailkapenak egin eta horien hondatzeari nahiz kontserbazioari buruz, eta osagai nagusiei buruz hitz egiten da. Elikagai-taldeak ere azaltzen dira.

Giza nutrizioa eta dietetika liburuak ere mantenugaien ezaugarriak ditu aztergai. Mantenugaien sailkapenari, erabilera nutritiboari (hau da, haien xurgapena, garraioa, metabolismoa eta iraizketa), iturri dietetikoei eta mantenugai horrekin erlazionatutako gaixotasunei buruzko informazio ematen du. Horrez gainera, elikagaietan agertzen diren beste konposatu batzuk ere landu dituzte, zuntz dietetikoa eta alkohola, esaterako. Amaitzeko, bizitzaren aldi bakoitzerako egokitutako nutrizioaren eta dietetikaren berri ematen dute egileek.

Ansa Maiz, Lurdes
2
228
2007
2
043
Elhuyarren berriak
Elhuyarren berriak
61

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia