}

Ugalkortasuna uste baino lehenago jaisten da adinarekin

2002/04/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Bai emakumezkoen bai gizonezkoen ugalkortasuna uste baino lehenago hasten da jaisten adinarekin; adibidez, emakumezkoetan 30 urtetik behera aurreratu dute ugalkortasuna jaisten hasten deneko adina. Hala adierazi dute, behintzat, Human Reproduction Europako
ugalketa-medikuntzari buruzko aldizkari ospetsuan argitaratutako azterketan.

Azterketa AEBetako Ipar Carolinako Ingurumenaren Osasun Zientzien Institutuko eta Italiako Paduako Unibertsitateko ikertzaileek egin dute, eta ugalkortasunean emakumezkoaren eta gizonezkoaren adinak duen eragina jakitea zuten helburu.

Ikertzaileen esanean, emakumezkoen ugalkortasuna 30 urtera iritsi baino lehen jaisten hasteak ez du esan nahi 30 urte ingururekin haurdun gelditu nahi dutenek aukera gutxiago dutenik, baizik eta 20 urte dituenak baino bi edo hiru hilabete gehiago beharko dituela bere nahia betetzeko. Nonbait, haurdun geratzeko aukera hilekoaren ziklo bakoitzaren barruan gutxitzen da.

Bestetik, gizonezkoen adinak ere uste zena baino garrantzi gehiago duela ikusi dute, gizonezkoen ugalkortasuna 40 urte bete baino lehenago hasten baita jaisten.

Argitaratu duten ikerketaren arabera, ernaltzeko aukera handiena obulatu baino bi egun lehenago izaten dela jakinda, eta biek ere adin bera dutelarik, 19-26 urteko emakumeek % 50eko aukera dute haurdun geratzeko ziklo bakoitzean; 27-34 urte edukiz gero, % 40ra jaisten da; eta 35-39 urtekoentzat, ernaltzeko aukera % 30 baino txikiagoa da, eta % 20 ingurukoa da, berriz, gizonezkoa bost urte zaharragoa bada (bere ugalkortasuna ere jaisten hasia delako).

Hala ere, ikertzaileek aitortu dute alde handia dagoela bikotetik bikotera, eta faktore askok eragiten dutela bikotearen ugalkortasunean, hala nola, inguruneak, erretzeak, sexu bidezko gaixotasunek...

Orain plazaratutako ikerketa duela bi urte Europako
7 ugalketa-zentroetan bildutako datuetatik abiatuta egin da. 18-40 urteko 782 emakumezkok hartu zuten parte, eta lau adin-taldetan banatu zituzten: 19-26, 27-29, 30-34 eta 35-39. Talde bakoitzeko ernalketa-kopuruaz gain, emakumezko bakoitzaren hilekoaren zikloa eta haurdun gelditzeko une aproposa ere izan zituzten kontuan. Aipatutako emaitzak lortzeko, bildutako datuekin analisi estatistiko berezi bat egin dute; hain zuzen, analisi horrek kanpoan uzten omen ditu adina ez beste eragile guztiak, beraz, orain arte erabiltzen ziren metodo estatistikoekin baino emaitza zuzenagoak lortu dituztela diote.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia