}

Udaltzainen lana hobetuko duen sistema

2003/10/01 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Teknologia berriek ematen dizkiguten aukerei esker, gure eguneroko bizitza aldatu eta hein batean hobetu egin dela esan genezake. Telefono mugikorra eta eskuko ordenagailua, adibidez, jende askoren ezinbesteko tresna bihurtu dira. Eguneroko lanean laguntza handia ematen dute eta ez dira hain garestiak.
GPS bidez biltzen dute udaltzainen ibilbideari buruzko informazioa.

Ildo horretatik jarraituz eta aurrerapen teknologikoak baliatuz, Donostiako Informatika Fakultateko talde batek GPSApp proiektua aurkeztu du udaltzainek beren lana hobeto egin dezaten. GPSApp proiektua Amorebieta-Etxanoko Udaleko udaltzainen ibilbideak kudeatzeko, planifikatzeko eta kontrolatzeko sortu zuten. Gaur egun, toki gehienetan ez dituzte patruilak kontrolatzen, eta, ondorioz, baliteke herriko zenbait auzo edo txokotatik ez pasatzea edo zerbitzua herriko gune denetan oso egokia ez izatea. Horregatik, hain zuzen ere, patruilen kudeaketa kontrolatzeko erreminta bat sortu dute.

Aplikazio honi esker, udalak ibilbideen kontrol-sistema bat du. Sistema hori GPS teknologian oinarritzen da eta PDAk ( Personal Digital Assistant , esku-ordenagailua) eta datu-transmisioak denbora errealean konbinatzen ditu. Patruila bakoitzak PDA eta GPS bana ditu eta bi tresna horiek patruila zein puntutatik pasa den erregistratzen du. Datu horiek administrazio nagusira igortzen dira haririk gabeko komunikazio bidez (telefono mugikor, erradiofrekuentzia...) eta bertan kontrolatzen dituzte udaltzainek egin beharreko mugimenduak.

Beste prozesu batzuk automatizatzea ere posible da, adibidez, salaketen bilketa: patruila batek salaketa bat egin behar duenean edo gertakari bat jakinarazi behar duenean, datuak PDAn sartu eta horiek, GPSko datuak bezalaxe, administrazio zentralera igortzen dira. Era horretan, beharrezko tramite denak berehala hasten dira, lanak metatzea saihesten da eta udaltzainen lan-baldintzak hobetzen dira.

Proiektuaren bi faseak

Administrariek honelako mapak dituzte une oro udaltzainak non dauden jakiteko.

Proiektu honek bi fase ditu. Lehenengoa lokalizazio-sisteman oinarritzen da. Sistema horri esker, udaltzain-talde batek zein ibilbide egin duen zehazki eta fidagarritasun osoz jakin daiteke.

Horretarako, patruila bakoitzari GPS bana ematen zaio eta tresna horrek udaltzainak pasatzen diren puntu denak grabatu eta informazioa metatzen du. Ibilbidea amaitzean, GPSko datuak ordenagailu batera pasatzen dira aplikazio informatiko bati esker eta ibilbidea, interesguneak eta beste zenbait parametro mapa geografiko batean irudikatzen dira. Aplikazio berak patruilaren errendimenduari eta gertakariei buruzko informazioa ere biltzen du.

Bigarren fasean, PDAren erabilera aztertu da, udaltzainen lana errazteko asmoz. Esku ordenagailu horiek ukipen-pantaila bat dute eta, boligrafo baten bidez, erabiltzaileak botoiak zapaldu, menua aktibatu edo idatzi egin dezake. Tresna txiki horrek ordenagailu baten funtzio beretsuak betetzen ditu: besteak beste, dokumentu bat idatz daiteke, mezu elektronikoak idatzi eta irakurri eta bideo labur batzuk ere ikus daitezke. Patruila bakoitzak horrelako tresna bat ere badu.

PDA bakoitzak GPS osagarri bat du ibilbidea grabatu ahal izateko eta, horri esker, oharrak, salaketak eta beste zenbait ekintza ere erregistratzen dira paperik erabili gabe. Datu horiek guztiak patruilak bere ibilbidea amaitzean deskargatzen dira.

Halaber, eguna amaitu aurretik datuak ikusteko aukera izan dezaten, telefono mugikorraren bidez (GSM, GPRS, edo UMTS) edo irratifrekuentzia bidez eta irrati-kanal esklusibo bat erabiliz denbora errealean datuen trasmisioa egiteko sistema aztertu da.

Amorebieta-Etxanoko Udalarentzat proiektu honek helburu bat baino gehiago du, besteak beste, udaltzainen lan-baldintzak hobetzea eraginkortasunari, etekinari eta ziurtasunari dagokionez, patruila lokalek gune gehiago bisitatu beharko dituzte eta, azken batean, beren eginkizun guztiak hobeto kontrolatu ahal izango dira.

GPSApp proiektuan darabilten sistema aurrerakoia da bere arloan. Izan ere, orain dela gutxi arte GPS teknologiak ez zuen balio mota horretako aplikazioetarako. Hiriguneetan sistema horrek akats anitz izaten zituen. Donostiako Informatika Fakultateko ikertzaileek arazo horiei aurre egitea lortu dute eta sistema nahi bezala garatu dute.

Informazioa GPStik administrariengan iritsi aurretik, honelako esku-ordenagailuetan biltzen da.

Horrez gain, proiektu honen helburua ez da azken bezeroaren kudeaketa-arazoei irtenbidea aurkitzea, baizik eta etorkizuneko aplikazioetarako plataforma malgu bat osatzea. Proposaturiko sistema telefonia mugikorrean oinarritutako beste soluzio batzuekin alderatuz gero, ez da garestia; ondorioz, beste bezero-mota batzuei ere interesa dakieke. Erabilitako hardwarea eta softwarea estandarrak dira eta sarbide errazekoak. Bi elementu horiek bateragarritasuna ziurtatzen dute. Horrez gain, kontuan hartu dira ziurtasuna eta sistemak inoiz erruak eginez gero hartu beharreko neurriak. Horrekin guztiarekin, proiektua hainbat funtziotarako balio duen plataforma ireki eta moldakor gisa definitu dute.

www.basqueresearch.com

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia