}

Udaberrian zuri, zuri,... elorri beltza

1995/04/01 Terés, Joxepo Iturria: Elhuyar aldizkaria

FITXA TEKNIKOA Elorri beltza

Errosazeoak oso ondo ordezkaturik daude gure floran. Orokorrean, bere baitan ehunen bat genero eta 3.000 espezie baino gehiego sailkatu dira gure planetan, Ipar Hemisferioko eskualde epeletan ugariagoak direlarik. Euskal Herrian, aipatu 100 genero horietatik, 26 inguru sailkatu dira, 80 espezie baino gehiago ezagutzen direlarik. Espezie hauek, belarki, zuhaiska eta zuhaitzetan banatzen dira. Ezagutzen diren frutarbol gehienak espezie hauetan sailkatzen dira eta asko dira ornamentaziorako kultibatzen direnak.

Oraingo honetan aztergai dugun ELORRI BELTZA zuhaiska, zarratua eta adartsua da. Gehienetan txikia, nahiz eta zenbaitetan 4 metroetara ere iritsi. Ezagutzeko erraza da, urtaro desberdinetan mantentzen baititu oso ugari diren adar muturretako arantzak. Adar gazteak nahikoa pubeszenteak dira. Bestalde, hostoerorkorra da eta obalatu-lantzeolatu formako eta ertzetan zertxobait zerratutako hostoak ditu; 2-4 cm-ko luzera izaten dute eta berde mate kolorea dute.

J. Terés

Udaberrian, lore txuriz beteriko zuhaiska ikusten baduzu, ia ziur elorri beltzarekin egin duzula topo. Eta hala da, oso loraldi emankorra duenez petaloen zuritasuna oso nabarmena izaten baita. Fruituak berriz, uda bukaeran heltzen dira eta aski ezagunak dira: drupa-formakoak, biribilak eta urdin-beltzaskak izaten dira, eta anisetan beratuz patxarana lortzen da.

Elorri beltza, ia Europa osoan, Asiako mendebaldean eta Afrikako iparraldean hedatu da bereziki. Oro har, leku irekietan (heskai, basogune, sasi eta abarretan) aurkituko dugu eta itsas mailatik mendi gailurrera bitartean nonahi, Pirinioetako gailur altuenetan izan ezik. Nahiz gure eskualde gehienetan ondo ordezkaturik egon, hegoaldekoetan ugariagoa da.

Elorri beltza, sendabelar gisa ere erabili ohi da. Loreak nitriloglukosidoak, azido prusikoaren glukosidoak, kumarina eta flabonglukosidoak dituela diote eta fruituak berriz amigdalina, azidoak eta C bitamina. Horrela, fruituekin egindako marmelada, estomatitisa eta faringitisa sendatzeko erabili ohi da. Loreak berriz, diuretikotzat eta purgagarri modura; eta hostoak hidropesia eta asmaren aurka.

Bukatzeko, aipatu behar dugu ere, heskaiak egiteko erabiltzen dela espezie hau, inausketa ondo jasateaz gain duen adarkadura arantzatuari esker, erabilpen desberdinetarako aproposa baita.

Familia: errosazeoak
Espeziea: Prunus spinosa
Banaketa: arrunta
Habitata: leku irekietan: heskai, sasi, basogune, ...
Sendabelarra: bai

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia