Tyrannosaurus generoko hiru espezie egon zitezkeen

2022/03/03 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Tyrannosaurus imperator erasoan, Triceratops horridus talde baten aurka. Arg. Gregory S. Paul

Eztabaida sortu du dinosauroen inguruko azken ikerketak. Hainbat zientzialari estabatuarrek adierazi dute Tyrannosaurus rex izenaz ezagutzen den espeziea zaku modura erabili dutela paleontologoek, eta, benetan, hainbat Tyrannosaurus espezie biltzen dituela bere baitan. 38 banakoen hezurrak eta hortzak aztertuta ikusi dute femurren sendotasunean eta hortzen egituran ikusten diren desberdintasunak ez direla sexuak edo adinak eragindakoak, orain arte uste zen bezala, baizik eta garai eta espezie desberdineko banakoei dagozkiela.

Hala, Tyrannosaurus imperator eta Tyrannosaurus regina espezie-izenak proposatu dituzte. Eta gaineratu dute arraroa litzatekeela 1,2-3,6 milioi urtez iraun duen espezie batek eboluzionatu eta hainbat espezie garatu ez izana. Triceratops-ekin ere gauza bera gertatu dela gogorarazi dute, duela gutxi frogatu baita espezie bat baino gehiago egon zirela.

Haien iritziz, Tyrannosaurus imperator litzateke hiruren arbasoa eta femurrik sendoenak zituena. Eta hortik eratorriko ziren T. regina, atzeko hanketako femurrak askoz arinagoak zituena, eta bien arteko ezaugarriak erakusten dituen T. rex. Orain arte emeei eta banako gazteei egotzi zaie femur arinagoak izatea, baina ikertzaileek uste dute desberdintasunak handiegiak direla hala izateko. Ebakortz-kopuruan ere desberdintasunak erakusten dituztela adierazi dute.

Era guztietara, ikertzaileek berek onartu dute 38 banako aztertzea ez dela nahikoa halako ondorioak ateratzeko, eta ikerketa gehiago beharko direla haien hipotesia baieztatu edo ezeztatzeko. Evolutinoary Biology aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia