}

Txerrikume izoztuak

1998/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Txerriaren enbrioiak izoztu eta gordetzeko moduan izango dira aurrerantzean txerri-haztegietako arduradunak. Gero, nahi edo behar denean, urdamari ezarriko zaio garapen osoa gerta dadin. Behiekin aspaldidanik erabiltzen da antzeko teknika; 80.eko hamarkadaren erdialdean hasi ziren behiekin gisa honetara lan egiten eta gaur egun teknika erabilia, merkea eta erosoa bihurtu da.

Txerrietan, ordea, ezin zen teknika hau erabili. John Dobrinsky animalia fisiologoak txerrietan ere gauza dadin lortu du. Behi-enbrioiak izozten direnean, nahikoa mantso egiten da izozte-prozesua eta, ondorioz, kristalak sortzen dira enbrioiean eta inguruetan. Kristal hauek zelulak hil egiten dituzte eta enbrioiaren zelulen % 15-20 hiltzen da. Kalte hau sortuagatik ere, behi-enbrioiak aurrera egiten du, baina txerriarenak ez.

Beraz, Dobrinsky-ren saio guztiak izozte-prozesua azkartzera bideratu dira. Bitrifikazio izeneko teknika erabili du horretarako eta nitrogeno likidoaz baliatuta, -196 °C-tara izozten ditu enbrioiak. Izoztea oso azkar gertatzen da eta, ondorioz, ez da kristalik eratzen enbrioiean. Hala eta guztiz ere, enbrioi hauek ez ziren bideragarriak suertatu.

Arrazoia, zelulen mintzaren egitura mantentzeaz arduratzen diren mikrofilamentuak kaltetuak gertatzea zen eta, ondorioz, zelulak deformatu eta beraien funtzioak ez zituzten ongi burutzen.

Baina ikertzaileak erremedioa aurkitu dio arazo honi ere eta, enbrioiak izoztu aurretik, zitokalasina izeneko substantzia kimikoa erabiltzen du zelula ez kaltetzearren. Era honetara, txerri-enbrioi izoztuen % 80 bideragarri bihurtu du eta, bere ustez, teknika komertzializatzeko moduko proportzioa izango litzateke hori.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia