}

Txernobylgo txoriak erradioaktibitatera egokitu dira

2014/05/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

2010eko udaberrian, Txernobylgo zentral nuklearreko hondamendia gertatu eta 24 urte geroago, ikertzaile-talde batek sareak zabaldu zituen segurtasun-eremuaren inguruko hainbat lekutan. Helburua: erradiazio-maila desberdinak zituzten tokietako txoriak harrapatzea, erradiazioak haietan zuen eragina neurtzeko. Azterketaren emaitzak jaso zituztenean, harrituta geratu ziren, txoriak erradiaziora egokitu zirela ikusi baitzuten. Orain, Functional Ecologys aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
txernobylgo-txoriak-erradioaktibitatera-egokitu-di
Aztertutako txorietako bat, mokolodi bat (Coccothraustes coccothraustes), ikertzailearen eskuetan. Arg. copyright: T.A. Mousseau y Anders P. Moller

Ismael Galván izan zen ikerketa-burua, eta, haren esanean, ez zituzten halako emaitzak espero, aurreko ikerketetan juxtu aurkako emaitzak jaso zituztelako: “Txernobylen inguruan ordura arte egindako ikerketetan, animaliek ohi baino mutazio gehiago zituztela frogatu zuten, baita hegaztietan ere. Zelula-mailan, antioxidatzaileen ekoizpena gutxitu egiten zela ikusi zuten espezie guztietan; neurri batean, horrek azaltzen du mutazioak areagotzea”.

Horrenbestez, udaberri hartan harrapatutako txorien antioxidatzaileen maila eta DNAn izandako kalteak neurtzean, antioxidatzaileak ohi baino maila apalagoan egotea eta DNAren kalteak ohi baino handiagoak izatea espero zuten. “Baina justu kontrakoa ikusi genuen; are gehiago: zenbat eta erradiazio-maila handiagoa, orduan eta antioxidatzaile-maila altuagoa eta kalte gutxiago DNAn”, azaldu du Galvánek.

Guztira, 152 txori harrapatu zituzten, 16 espezie arruntetakoak, erradiazio-maila desberdina zuten 8 lekutan (0,02-92,90 mikrosievert orduko). Txoriak askatu aurretik, osasuntsuak ziruditen ala ez ikusi zuten, eta odol-laginak eta luma batzuk hartu zizkieten. Lagin horietan lau parametro neurtu zituzten: glutation-maila (antioxidatzaile adierazgarriena da glutationa), estres oxidatiboa, DNAren kalteak eta melanina pigmentuaren maila.

Azterketen emaitzak txoriak topatutako lekuaren erradiazio-mailarekin erlazionatu zituztenean jaso zuten ezustekoa: erradiazio-maila altuko lekuetan bizi ziren txoriek antioxidatzaile gehiago, estres oxidatibo gutxiago eta DNAn kalte gutxiago zituzten. Oro har, itxura hobea ere bazuten, eta gauza bera gertatzen zen espezie batekoak izan zen bestekoak. Horrenbestez, txoriak erradiaziora egokitu direla ondorioztatu zuten ikertzaileek.

Laborategikoa, naturan

Lehen aldia da erradioaktibitatearekiko adaptazio-kasu bat behatzen dela naturan. Galvánek nabarmendu duenez, “laborategian, adaptazio hori gertatzen dela ikusi izan da zelula-kulturetan, eta landareekin egindako lanetan ere ikusi dira zantzu batzuk, baina orain arte ez zen ikusi animalia basatietan”. Oraingoz, korrelazioa dagoela baino ezin dute baieztatu, baina adaptazioaren gakoa epigenetikan dagoela uste Galvánek: “Inguruneak geneen espresioan aldaketak eragiten ditu; aldaketa horiek onuragarriak badira, hurrengo belaunaldiek herentziaz jaso ditzakete”.

Txoriak harrapatzeko sareetako bat, atzean zentral nuklearra ikusten dela. Arg. copyright: T.A. Mousseau

Txernobylgo hondamendia gertatu zenetik 28 urte igaro direla gogorarazi du Galvánek, “24 ikerketa egin genuenean”. Hala, hondamenditik bizirik atera ziren txori haien ondoren 24 belaunaldi bizi izan dira erradioaktibitateak kutsatutako inguru hartan. “Kontuan izan behar da txori horiek oso leialak zaizkiola jaiolekuari; beraz, epe luzean eta belaunaldiz belaunaldi bizi izan dira erradioaktibitate-maila horrekin, baita espezie migratzaileak ere”.

Functional Ecology aldizkariko artikuluan, hipotesi horrekin bat datozen beste adibide batzuk bildu dituzte, tartean, Ramsar inguruko biztanleena. Iranen dago Ramsar, eta munduan erradioaktibitate natural handienetakoa duen lekua da. Bada, hango biztanleen linfozitoen aberrazio kromosomikoen maiztasuna txikiagoa da, erradioaktibitaterik gabe bizi diren lekuetako pertsonena baino.

Lumagorriak (eta ilegorriak), kalteberagoak

Horrez gain, ikertzaileek txorien koloreari ere erreparatu zioten. Duela hiru urte Oecologia aldizkarian argitaratutako beste ikerketa batean, Galvánen taldeak erakutsi zuen erradioaktibitateak kalte handiagoa egiten ziela luma gorriak zituzten txorien populazioei, luma beltzekoei baino.

“Txoriek, eta baita guk ere, bi melanima-mota ekoizten ditugu: bat beltza, eumelanina, erradiaziotik babesten gaituena, eta bestea gorria, feomelanima, fototoxikoa dena”, azaldu du Galvánek. “ilegorriek feomelanina dute, eta horren ondorioz arrisku handiagoa dute larruzaleko minbizia izateko”.

Hori jakinda, txorien lumen melanina aztertu zuten eta ikusi zuten eumelanina ekoizten zuten txoriak hobeto egokitu direla erradioaktibitatera feomelanina ekoizten dutenak baino. Zergatia ere aztertu dute: “feomelanina ekoizteko zisteina behar da, eta zisteinaren biltegi handiena glutationa da, zelulen antioxidatzaile nagusia. Beraz, feomelanina ekoiztean antioxidatzaileak kontsumitzen dira, eta horrek kalteberago egiten ditu erradiazioarekiko”.

Txernobylen epe luzeko ikerketak egiten ari diren bi ikertzaile, Timothy Mousseau ezkerrean, eta Anders Moller eskuinean. Arg. copyright: G. Milinevski

Luma gorriak (edo ile gorria) izatea hain kaltegarria bada, nolatan daude lumaje gorriko txoriak eta ilegorriak; zer abantaila dute? Galvánen ustez, zisteina asko hartuz gero, toxikoa izan daiteke. Ilegorria izatea (feomelanina ekoiztea) zisteina kentzeko modu bat izan daiteke”.

Txernobylen egindako ikerketetan, nazioarteko beste ikertzaile batzuekin batera aritu da Galván. Haietako batzuek, bereziki Paris-Sud eta Hego Carolina Unibertsitateak, urteak daramatzate erradioaktibitateak bizidunetan dituen ondorioak ikertzen, Txernobylen aspalditik, eta 2011z geroztik, baita Fukushiman ere. Galvánek dioenez, “lezio garrantzitsuak erakusten dizkigute han egindako ikerketetatik”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia