}

Txernobilgo gaurik luzeena

1996/05/01 Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

EEBBetako zientzilariek “super-gaua” hitzez izendatu zuten Txernobilen gertaturiko istripua. Duela 10 urtera arte, era horretako matxurarik gerta zitekeenik ez zuen inork uste eta, arrisku teoriko hutsa zela esaten zen. Gaur egun ordea, gaurik luzeena izan zen horretaz zerbait gehiago dakigu. Ez askorik, egia aitortzeko.

Apirilaren 29an, Suediako ikertzaile-talde bat sistematikoki egin ohi diren erradioaktibitate-neurketak egiten hasi zen. Noizean behin egiten den saio horietako bat, baina egun horretan behatutakoak ahoa bete hortz utzi zituen guztiak. Neurgailuek ezohizko gorakadak isladatu zituzten eta itxura guztien arabera, inguruko zentral nuklearren batean istripua gertatu izana salatzen zuten datu horiek. Hasiera batean, Suedian bertan hasi ziren ezohizko gertaera horren arrastoaren bila, baina berehala baztertu zuten aukera hori. Egun batzuk geroago, orduko Sobiet Batasuneko gobernuko iturriek baieztatu zutenez, Suediako ikertzaileek atzeman zuten poluzioa atzerritik zetorren: Txernobiletik.

Suediako ikertzaileak erabat harritu zituen matxura horrek halaber, harridura sortzen segitzen du. Greenpeace taldeak salatu berri duenez, istripua gertatu orduko eman ziren datu beldurgarri horiek ez zuten egiazki gertatua adierazten. Hau da, leherketak askatu zuen erradioaktibitatea esan zena baino askoz handiagoa izan zen. Azken datuen arabera, Hiroshima eta Nagasakin jaurti zituzten bi bonbek batera sortutako erradiazioa ere gainditu egin zuen Txernobilgoak. 50 milioi kurio aipatu ziren istripuaren larritasuna baieztatzeko; Greenpeaceren iritziz, 140 milioi kurio inguru askatu ziren. Matxurak eragindako poluzioak 100.000 km 2 baino gehiagoko hedadura lortu zuen.

Eta zu irakurle, non eta, zertan ari zinen istripuaren berri gertatu zenean? Azken hilabete hauetan, maiz entzun den galdera da hori. Gutariko batzuk ondo gogoratuko dute une hori, albiste ikaragarri hura iritsi zitzaigun momentua. Alabaina, askorentzat erabat ulertezinak ziren orduan eman ziren datuak eta informazioa. Urte batzuk iragan behar izan dira gertatuaren larritasunaz jabetzeko. Duela hamar urte, herrialde batzuk poluitutako ingurunetik zetozen zenbait produkturi bere mugak itxi egin zizkietela gogoan izango duzu apika. Eta hortik aurrera, gauza handirik ez. Europa osoko herritarrek haizearen norabideez eta indarrez ordura arte ezkutuan gordetako jakinmina erakutsi zuten.

Gertatuari buruz, zer dakigu?

Gau luze horretan gertatu zenari buruz, informazio gutxi kaleratu zen hasieran. Gerora datu gehiago iritsi zen, baina apirileko egun horretan egiazki jazo zenaz, gaur-gaurkoz interpretazio desberdinak entzun daitezke.

Baina, zer gertatu zen? Labur esanda, zentraleko erreaktore batean hozketa-sistemaren hutsegite konplexu baten ondorioz, erreakzioa kontroletik kanpo geratu zen; horren ondorioz, itxuragabeko beroketa sortu zen eta horrek erreaktorearen azpialdea urtzen hastea ekarri zuen. Fisio-erreakzioa baretzeko erabiltzen diren grafitozko hagek su hartu eta eztanda kimikoa gertatu zen.

Leherketa horrek eraginda, erreaktorea babesten duen egitura bigundu eta barruko material erradioaktiboa, hauts- eta gas-eran kanporatu ziren. Hortik “hodei erradioaktibo” malapartatua. Erreaktorearen barruan piztutako sua itzaltzea lan itzela izan zen. Hala eta guztiz ere, zentraleko langileek nola edo hala amatatzea lortu zuten. Eta nola edo hala diogu, zeregin horietan aritu ziren langileei egindako osasun-azterketak ez direlako orain arte ezagutzera eman. Eta Greenpeacek eman dituen datuen arabera, 800.000 langile inguruk hartu zuten parte matxura gertatu ondorengo garbiketa-lanetan.

Eta bururatzen zaizkigun galderetarako, tamalez, erantzun errazik ez da aurkitzen. Zentralaren inguruko segurtasun-baldintzak egokiak al ziren? Aurreikusita al zegoen inongo kontrol-programatan era horretako istripu larririk gerta zitekeenik? Geroak erakutsi digunez, Ukraina, Bielorrusia eta Errusiako zentral nuklearren segurtasun-egoerak zer pentsatu franko eman beharko liguke guztioi. Nolanahi ere, zaila zen oso era horretako matxura gertatuko zenik aurreikustea.

Segurtasun Nuklearrerako Batzordeak 1978an egin zuen bilkuran gai honi buruz luze eztabaidatu zen; esandakoa biltzen duen txostenak argi eta garbi adierazten duenez “ istripu teorikorik larriena erreaktorearen barruan dagoen erregaia urtzea litzateke, hozketa-sistemaren hutsegite bat medio. (...) Segurtasun-sistemak bikoitzak dira eta beraz, batek huts eginez gero, bigarrena automatikoki sartuko litzateke indarrean. Guzti hori dela eta, horrelako istripuren bat gertatzeko dagoen probabilitatea erabat arbuiagarria da ”.

Hamar urte eta gero...

Vienan “Txernobil 10 urte eta gero. Ondorioak” izeneko goi-biltzarra burutu zen apirilaren hasieran. Matxurak kaltetutakoek dute, zalantzarik gabe, zeresanik handiena, baina mendebaldeko potentzien artean, interes handia sortu du topaketa honek. Bilerak besteak beste, iritzi publikoaren aurrean informazio gehiago azaltzeko balio izan du, bai duela 10 urte gertatu zenaren inguruan eta baita —eta hori da garrantzitsuena, apika— istripuak epe ertainera sortu dituen ondorioei buruz.

Dagoeneko hamar urte iragan dira Txernobilgo istripu larri hura gertatu zenetik eta oraindik benetan jazo zenari buruz ez dago datu fidagarririk. Populazioarengan gertaera horrek izan zituen eraginak ez dira berehala ahaztuko.

Txernobilen inguruko biztanleen osasun-egoera bereziki kezkagarria da. Aditu guztiak bat datoz tiroideko minbiziaren intzidentzia izugarri ugaldu dela esaterakoan. Hazieran eta garapenean eragiten du tiroideak eta metabolismoaren funtzionamendua oker dezake. Orain arte ukatu egin bada ere, Txernobilen inguruan bizi ziren haur gehienek tiroideko minbizia dute edo izango dute hurrengo urteotan. Oraingoz, 8.000 umetarik batek garatu du jadanik minbizi-mota gaizto hau. Zentralak igorri zuen erradiazioa izan ere, era askotara hedatu zen. Umeengan aire-poluzioak baino kalte handiagoa sorrarazi zuten poluitutako elikagaiek, bereziki barazkiek eta esneak. Tiroideko minbiziaz gain, malformazioak eta atrofia dira Txernobilek belaunaldi berriei utzi dien ondarea.

Osasun-ondorioak garrantzitsuak dira, noski. Hala ere, istripuak sortutako kalte psikologikoak, ekologikoak eta ekonomikoak ezin bazter daitezke. Nekazaritzan oinarritutako gizarte-ereduak ziren nagusi inguruetan eta istripuaren ondorioz, poluitutako lurrak utzi egin behar izan zituzten, 375.000 lagun inguruk utzi egin behar izan zituzten bere lurrak eta etxeak, zuten guztia; eta, okerrago izan daitekeena, 270.000 pertsona bizi dira gaur egun poluituriko eskualdeetan.

Vienako goi-biltzarretik ezer garbirik atera bada, Txernobilgoa Bielorrusia, Ukraina eta Errusiako arazoa baino zerbait gehiago dela aitortzea da. Mendebaldeko estatuen laguntza nahitaezkoa da istripuaren kalteak leuntzen hasiko badira. Eta kotuan izan dezagun azkenik, eskualde horretan badirela Txernobilgoa bezalako beste 12 zentral nuklear.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia