}

Txartel elektronikoak birziklatzeko proiektua

2003/01/23 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gaiker zentro teknologikoa txartel elektronikoak birziklatzea helburu duen mundu mailako proiektu baten partaide da. Proiektua Europako Batasuneko Competitive and Sustainable Growth izeneko programak finantzatzen du.

Proiektuaren baitan, teknologia berritzaile bat garatuko dute. Teknologia horrek bi atal izango ditu: lehenik, txartel elektronikoetatik berriz erabil daitezkeen osagaiak banatuko dira eta, ondoren, telefonoek, telebistek, eta abarrek dituzten zirkuitu inprimatuetako materialak birziklatuko dira. Zirkuitu inprimatuetako pieza txikien kopuruak, osagai-motek, soldadurak eta ekoizpenean erabilitako materialek asko zailtzen dute haiek banatu, birziklatu eta berrerabiltzea.

Proiektu honen helburua, batik bat, zirkuituetako beruna ordezkatzea da. Izan ere, material hori arriskutsua dela uste da eta egungo Europako legediek haren erabilera murrizten dute. Material hori, orain arte, zirkuitu inprimatuetako soldaduren osagai bezala erabiltzen zen eta, orain, horren ordez, ingurumenarentzat arrisku gutxiago duten eztainu-aleazioak, zilarra eta kobrea erabili nahi dira. Horrela, ingurumenari eta gizakion osasunari kalte gutxiago egin nahi zaie.

Proiektuan nazioarteko erakunde garrantzitsuek parte hartzen dute, material baliotsuak birziklatzeak duen garrantzi ekonomikoaren adierazgarri. Izan ere, txartel elektronikoetako zirkuitu inprimatuetan urrea, zilarra, platinoa, etab. erabiltzen dira. Espainian 200.000 tona zabor elektroniko sortu zen 2000. urtean. Europan 2004an 7,4 milioi tona botako direla aurreikusten da.

Nazioarteko partzuergo garrantzitsu batek osatuko du proiektuaren muina eta bertan Europako nahiz Korea eta Japoniako zentro teknologikoak, enpresak eta unibertsitateak egongo dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia