}

Tumoreen bila

1999/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Minbizia tratatzeko lanean ari direnean, medikuek, maiz, zailtasunak izaten dituzte tumorearen kokapen zehatza jakitean eta minbizi-ehunak osasuntsu daudenetatik bereizteko.

Aurrerantzean, ordea, badirudi lan hori errazago egin ahal izango dutela ultrasoinuak erabiltzen dituen HEI deritzon teknikari esker. Teknika, tumoreek gaixotutako ehunetan sortzen diren parametro elektrikoen aldaketetan oinarritzen da. Horretarako gorputza eremu magnetiko gogorrean jartzen da, eremu horretan zehar pultsu elektriko oszilatzaileak igorri eta ultrasoinu-hartzaileaz jasotako emaitzak aztertzen dira.

Gorputza zeharkatu ondoren jasotako seinaleen intentsitatea eta fase-diferentzia aztertuta ehunaren hiru dimentsioko irudia lor daiteke eta, beraz, tumorea zehazki kokatu, ondoren biopsia zorrotzagoak egiteko. Oraingoz, eskuz erabiltzeko eskanerrak egin dituzte soilik, baina urtebeteren buruan edo, gorputz osoa aztertuko duena egitea espero dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia