Elhuyar zientziaren komunikazioa

Tsunamia izan eta gero, zer?

2005/02/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zer egin bizirik atera direnei laguntzeko? Nola banatu diru-laguntza? Zerk du lehentasuna? Zer egin eremua lehenbailehen leheneratzeko? Nondik hasi? Galdera horiei erantzutea ez da inondik inora erraza, eta tsunamiak hondatutako lurraldeetako agintariak ahal dutena egiten ari dira. Hainbat erakunderen laguntza dute, tartean FAOrena. Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundea da FAO, eta, hasteko, bizirik gelditu direnen elikadurari eta hango ekosistemei jarri die arreta, besteak beste.

Asiako hegoaldean zurrumurru bat zabaldu da. Agidanez, ez da komeni tsunamiak jotako lekuetako arraina jatea. Arraina kutsatuta omen dago. Nonbait, oso arriskutsua da arraina jatea; izan ere, gorpu ugari eraman zituen urak, eta gorpu horietatik elikatutako arrainek gaixotasunak kutsa ditzaketela uste dute. Okerrena da zurrumurruak kalte larriak sortu dituela, horren ondorioz arrainaren kontsumoa jaitsi egin baita.

Zurrumurrua zenbateraino den egia jakiteko, FAOk berehala aztertu ditu inguru haietako arrain eta itsaski jangarriak, eta, azkenean, adierazi du zurrumurruak ez duela oinarri sendorik. Prentsa-ohar baten bidez zabaldu ditu ikerketen emaitzak, eta hango agintariei ere jakinarazi die arraina edo itsaskia jateak ez dakarrela inolako arriskurik osasunerako.

Aldiz, arraina jateari uztea benetan kaltegarria da, herrialde horietako dietan arraina oinarri-oinarrizkoa baita. Hain zuzen ere, munduan arrain gehien jaten den lurraldea tsunamiak jotako horixe da. Gainera, hondamenditik bizirik atera direnak oso ahulduta daude; beraz, behar-beharrezkoa dute arraina jatea ondo elikatuta egoteko eta aurrera ateratzeko aukera izateko.

Indonesian eta Sri Lankan pertsona bakoitzak urtean 21 kg arrain jaten ditu batez beste, eta Maldivetan ia 200 kg-ra iristen da kontsumoa. Indiako kostaldean ere arrain-kontsumoa oso altua da. Horregatik jarraitu behar dute arraina jaten; bestela, ez dute beste ezer jateko. Hori bai, arrainak eta itsaskiek egoera onean egon behar dutela eta erraiak kenduta eta ondo egosita jan behar direla ohartarazi du FAOk.

Mangladiak leheneratzea oso garrantzitsua da, ezinbestekoak baitira hango bizimoduan.

Nolanahi ere, arrain-haztegietan arrisku bat badagoela onartu du FAOk. Kontua da tsunamiak kalteak eragin zituela ur-horniduran eta estolderia-sisteman. Beraz, ez da harritzekoa hainbat hondakin-ur haztegietara iragaztea. Ondorioz, arrainek birusek, bakterioek edo bizkarroiek eragindako infekzioak izan ditzakete, eta arraina gordinik edo gutxi eginda jaten dutenek gaixotzeko arriskua dute. Itxura oneko arraina, eta ondo garbituta eta ondo eginda, jaten dutenek, berriz, ez dute arriskurik.

Toxinak ere, kezka-iturri

Bestetik, urak nahasten direnean, litekeena da alga toxikoak ugaltzea eta marea gorriak sortzea. Marea gorriak oso kaltegarriak dira; izan ere, alga toxikoak jaten dituzten arrainak hiltzen dituzte, eta, denak hiltzen ez badira ere, toxinak metatu egiten dira, bai arrainetan, bai itsaskietan, baina batez ere moluskuetan. Hortaz, norbaitek horrelakorik jaten badu, intoxikatzeko arrisku handia dauka. Toxina horiek ikaragarri bortitzak dira, eta gaixotasun benetan larriak sortzen dituzte. Heriotza ere eragin dezakete.

Tsunamiak jotako lekuetako arraina jatea arriskutsua den zurrumurrua zabaldu da.

Oraingoan, ordea, ez dago hori gertatzeko arriskurik. FAOren esanean, orain dagoen eguraldia ez da batere egokia algak ugaltzeko. Izan ere, euriteen eta tenperatura hotzen sasoian daude; hori dela eta, ez dute uste biotoxinak arazo izango direnik.

Bestelako toxinak ere egoten dira uretan, adibidez, mineral astunak. Baina horiekin ere arazorik ez dela egongo uste du FAOk, ez baitirudi tsunamiak urak nahastean arraina kutsatzeko adina gai kimiko natural askatutako zenik.

Mangladiak leheneratzeko beharra

Elikagaien segurtasunaz gain, mangladiak ere FAOren lehentasunen artean daude. Hain zuzen ere, mangladiak leheneratzeak asko lagunduko luke hondamendia gainditzen. Alabaina, FAOren ustez, kontu handiz egin behar dira mangladiak landatzeko programak.

Mangladiek 15 milioi hektarea inguru hartzen dituzte mundu osoan, eta horien % 40 tsunamiak hondatutako eremuetan zeuden. Hango bizimodurako, mangladiak ezinbestekoak dira. Zura, sutarako abarrak eta etxeak egiteko materialak lortzen dituzte mangladietatik, eta, zeharka, arrainei eta itsaskiei babesa eta jana ematen diete. Hortaz, arrantzarako toki egokiak dira. Halaber, olatu handietatik babesten dute kosta.

Mangladiak oso aberatsak eta baliagarriak diren arren, ezin dira edozein tokitan landatu. FAOren ustez, leheneratzeko programek kosta osotasunean hartu behar dute kontuan; bestela, dortokek arrautzak jartzen dituzten tokiak edo algen ohantzeak kaltetzeko arriskua dago.

Mangladiak edozein tokitan landatzen badira, dortokak arrautzak jartzen dituzten lekuak kaltetzeko arriskua dago.

Dena dela, gauza bat argi dago: zura behar-beharrezkoa dute etxeak berreraikitzeko, azpiegiturak egiteko, itsasontziak eta txalupak konpontzeko eta berriak egiteko, eta baita sutarako ere. FAOkoak horretaz jabetzen dira, baina beldur dira mangladietan presio are handiagoa ezarriko duela behar horrek. Gaurko ogia, biharko gosea? Ez da erraza asmatzea, baina horretarako ari dira lanean.

7K-n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia