Trilobite begiluzea
2003/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela 380 milioi urte bizi zen trilobite bitxi baten fosila aurkitu dute Marokon. Oso ezaugarri bereziak ditu trilobiteak: bi zutabe garairen itxura duten begi handiak. Orain artean ez da horrelakorik ikusi trilobite-fosiletan eta jakin-min handia sortu du paleontologoen artean.
(Argazkia: Science).Begi berezi horiek oso lagungarri izango zitzaizkiola uste dute zientzialariek. Izan ere, begiak gainerako trilobite-espezieek baino askoz ere altuago zeuzkan eta 360º-ko ikuspegia lortzen zuen bien artean. Horrek, seguruenik, predatzaileak urrutira ere ikusten lagunduko zion. Gainera, goialdean bisera moduko bat zuten begiek, eta horrek goitik zetorren gehiegizko argitik babesten zituela uste dute ikertzaileek.
Erbenochile erbeni izena jarri diote espezieari, eta deboniar garaian bizi zela uste dute. Berez, aspaldi iraungitako artropodoak dira trilobiteak. Itsasoan bizi ziren, eta zoruan arrastaka mugitzen ziren bizkor-bizkor batetik bestera. Horrela, itsasoan arrain predatzaileekin batera bizi zirenez, lurzoruan sartuta babesten ziren.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia