}

Triclosan antibiotikoa eraginkorra da loaren gaitzaren aurka

2002/12/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Aste honetan, AEBetako Biologia Zelularreko Elkartea batzarra ari da egiten Kalifornian. Bertan azaldu dutenez, triclosan antibiotiko merke eta ezaguna eraginkorra izan daiteke loaren gaitza tratatzeko.

Loaren gaitza edo tripanosomiasia, gaixotasun hedatuena da Afrikan hiesaren ondoren, eta heriotza asko eragiten ditu. Gaitzaren eragilea bizkarroi bat da, Trypanosoma brucei , eta tse-tse eulien bidez transmititzen da. Orain, triclosan antibiotikoa bizkarroiaren ugalketa eragozteko gai dela frogatu dute Johs Hopskins Institutuko ikertzaileek. Hori bai, proba saiodietan egin dute; beraz, ikusteko dago zer gertatzen den bizidunetan.

Tse-tse eulia.

Hala ere, emaitzak itxaropentsuak dira. Izan ere, antibiotiko hori oso arrunta da, eta ez ditu gaixotasuna tratatzeko erabiltzen diren artsenikoaren eratorrien albo-ondorioak eragiten.

Ikertzaileak harrituta daude antibiotikoaren eraginkortasuna dela eta, antibiotikoek bakterioen aurka eragiten baitute, eta Trypanosoma brucei ez baita bakterioa. Alabaina, badirudi bakterioen geneen arrastoak dituela bizkarroiaren genomak eta horregatik eragiten diola antibiotikoak. Hain zuzen ere, bizkarroiak gantz-azidoak sortzeko erabiltzen dituen geneak eta bakterioek erabiltzen dituztenak oso antzekoak dira; aldiz, legamiek eta ugaztunek erabiltzen dituztenekin ez dute hainbesteko antzik. Horren arabera, antibiotikoak bizkarroia kaltetzen du, baina ez die inolako kalterik eragiten giza zelulei.

Orain, triclosan antibiotikoa loaren gaitzaren sintomak arintzen dituen ala ez probatzen ari dira, baita malaria tratatzeko balio duen ere. Gainera, bizkarroiak antibiotikoarekiko erresistentzia garatzen duen ala ez aztertzen ari dira ikertzaileak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia