TRAPPIST-1 exoplanetak eguzki-sistemako planeten antzekoak direla baieztatu dute
2018/02/05 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Iaz jakin zen TRAPPIST-1 izar nano gorri eta hotzaren inguruan zazpi planeta zeudela, eta haietako batzuk bizigarriak izan zitezkeela aurreikusi zen. Urtebeteko ikerketen ondoren, emaitza berriak argitaratu dituzte: zazpi planetetatik gehienak arrokatsuak dira eta badute ura. Zehazki, haien masaren % 5 da ura, Lurraren beraren kasuan baino dezente gehiago (ozeanoak gure planetaren masaren % 0,02 baino ez dira). Ikertzaileen ustez, emaitza berriek erakusten dute TRAPPIST-1eko planetak eguzki-sistemako planeten antzekoak direla zentzu askotan.
Zazpi exoplanetak epelak direla dirudi, hortaz, denek izan litzakete ura bere forma likidoan egotea baimenduko luketen baldintza geologiko eta atmosferikoak. Aurrerantzean saiatuko dira argitzen planeta guztietatik zein den bizigarria izateko aukera gehien duena. Oraingoz, badirudi TRAPPIST-1e planeta dela zazpietatik Lurraren antzekoena izan daitekeena, baina argitzeke dago nolakoa den bere azala eta atmosferarik ba ote duen.
TRAPPIST-1 sistemaren inguruko aurreko albisteak:
-> Habitagarriak izan daitezkeen hiru planeta aurkitu dituzte Eguzkitik gertu
-> Zazpi planeta topatu dituzte, izar gorri nano baten inguruan
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia