}

Transgenikoen gorabeherak

2004/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Labore transgenikoen geneak inguruko lursailetako landareetara zabal daitezkeela adierazi dute ikertzaile batzuek.

Labore transgenikoen geneak inguruko lursailetako landareetara zabal daitezkeela adierazi dute ikertzaile batzuek. Intsektuen kontrako toxinak ekoizteko diseinatu zituzten arto-landareei buruzko ikerketa bat egin ondoren kaleratu dute informazio hori.

Ikerketa horretan, arto arruntez inguratutako lursail batean zegoen genetikoki eraldatutako artoa. Inguruko landareek, berez, ez zuten toxinarik ekoizten, baina belaunaldi bat pasatu eta gero, horretan hasi ziren hainbat landare. Eraldatutako geneak zituztela ikusi zuten ikertzaileek. Arto transgenikotik hurbilen zeuden lursailetan aurkitu zuten infektatutako landare-kopururik handiena. Adituen ustez, eraldatutako landareak hazteko arauak aldatu egin beharko dira agian.

Bestalde, Monsantok —bioteknologia-alorreko enpresa erraldoia— bertan behera utzi ditu gari transgenikoa zabaltzeko planak. Milioika dolar gastatu ditu konpainiak mota horretako garia garatzeko, baina merkaturatzeko arazoak izango dituztela uste dute sektore horretako ekoizleek. Haien ustez, gai transgenikoen kontrako jarrerak esportazioei kalte egin diezaieke, batez ere Europan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia