Tokaimurako ihesa

1999/11/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Uranioa prozesatzeko Tokaimurako plantan gertatutako istripuak industria nuklearraren ahuldadeak agerian utzi ditu berriz ere. Aje handiak ditu industria horrek eta iritzi publikoaren jarrerekiko menpekotasuna da, apika, interesgarrienetako bat. Izan ere, zorigaiztoko istripu horrek iritzi publikoa aztoratzeaz gain arduradun politikoak dantzan jarri ditu eta industria nuklearra mugatuko dutela aldarrikatzen hasi dira.

Energia nuklearraren erabilera urrats guztietan sortzen ditu ingurugiro-arazoak: uranioaren erauzketatik hasi zentral nuklearren desmuntaiaraino. Prozesu nuklearrek kontrol zorrotz eta estua behar dute, istripurik txikienak ere ondorio larri eta epe luzekoak eragin baititzake. Kontrolik zorrotzenak ere itoginak dituela erakutsi du Tokaimurako gertakariak. Istripu nuklearrak ez dira, jadanik, inperio sobietarraren osteko estatu kaotikoetan gerta daitekeen zerbait. Edonon eta edonoiz jazo daitezke.

Energia nuklearrak arrisku gorriak ditu, batzuek berotegi-efektuaren kontrako botika moduan saldu nahi badigute ere. Energi iturri honi epemuga jarri behar zaio garapena jasangarria izan dadin nahi badugu, besteak beste.
I. Irazabalbeitia