}

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa

2010/11/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzaileaElhuyar Hizkuntza eta Teknologia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Lurreko Telebista Digitala edo LTDa telebistaren iraultzatzat saldu ziguten, baina, egiatan, ordura arteko telebista analogikoaren hobekuntza xume bat besterik ez da, gehienez ere. Ikus-entzunezkoen munduan benetako aldaketa bat egon bada, hori Internet fenomenoak ekarri du: norberak nahi dituen programa eta filmak nahi dituenean ikustea, elkarrekintza... Hala ere, bi mundutan bereizita egon dira telebista eta Internet, bata sofan eta bestea idazmahaian. Baliteke, ordea, hori amaitzear egotea Google-k udazken honetan kaleratu duen Google TVrekin eta ziurrenik azkar asko aterako zaizkion antzeko produktu lehiakideekin.
Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2010/11/01 | Leturia Azkarate, Igor | Informatikaria eta ikertzailea
(Argazkia: -)

Ezin da ukatu LTDak badituela abantaila eta aukera interesgarriak: seinale digitalaren kalitate hobea, hainbat audio eta azpititulu izan ditzakete emisioek, telebistako programazioa ere igortzen da seinalean, kate gehiago izateko aukera... Baina telebista-kateek ez dituzte behar bezala aprobetxatu aukera horiek, eta kate gehiago izateak ez du ekarri aukera handiagoa, kate berriek ere lehengoen eredu berari jarraitzen baitiote. Bestalde, seinale digitalarenak badu bere ifrentzua: seinalea ona ez bada, okerrago ez, ez da ezer ikusten. Eta, batez ere, betiko programazio eta ordutegi zurrunei lotuta jarraitzen du telebista berri honek ere, elkarrekintzarako aukerarik gabe.

Internet bidezko ikus-entzunezkoen kontsumoa

Duela bizpahiru urte jarri zen martxan LTDa eta aurten ordezkatu du erabat telebista analogikoa. Hortaz, ezin da ulertu nola ez zen planteamendu iraultzaileago bat bezala sortu, kontuan izanik garai horretarako jada nahiko hedatua zegoela Internet bidezko ikus-entzunezkoen kontsumoa, malgutasun handiagokoa eta elkarrekintzarako aukera handiagoarekin.

Bada urte mordoxka bat eskatu ahalako bideoez goza dezakegula Interneten. Aspalditik aurki ditzakegu nahi ditugun serie eta film guztiak P2P sareetatik jaisteko, baina azkenaldian gero eta ugariagoak dira streaming bidez hauek modu legezkoan ikusteko plataformak, dela ordainduta, dela publizitatearen truke. Kate eta ekoizpen-etxe askok ere Interneten jartzen dituzte beraien programak, eta Youtuben eta antzekoetan jendeak jartzen dituen bideo amateur eta pertsonalak gehitu behar zaizkie horiei. Horrelakoetan, gainera, ez gara kontsumitzaile huts: bideoak puntuatu egin ditzakegu, komentatu, partekatu...

Aukera horietaz gozatzeak baditu, baina, bere desabantailak: etxeko ordenagailua aparteko toki batean egon ohi da gehienetan, sofan ez bezala jende asko esertzeko tokirik egoten ez den lekuetan. Agian horrek ere mugatu du, orain artean, Internet bidezko ikus-entzunezkoen kontsumoa. Egia da, egon, aspalditik dagoela aukera ordenagailu bati media center software bat jarrita HTPC (Home Theater PC) bat muntatzeko eta Internet telebistan ere izateko, baina hori egitea ez da erraza, geek bat ez bazara, eta horregatik ez da gizartearen gehiengoa horretaz baliatu.

Google TV: Internet telebistara eta sofara eramaten

Agian orain amaituko da hori, Google-k udazken honetan AEBn atera duen eta 2011n munduan merkaturatuko duen Google TVrekin. Izatez, Android sistema eragile librearen egokitzapen bat da Google TV, telebista- eta bideo-grabagailuetarako moldatuta. Bi motatako hardwaretan etor daiteke integratuta: telebistara konektatzen diren kutxetan (deskodetzaileen antzekoak) edo telebistan bertan. Logitech eta Sony izango dira lehenak Google TVdun aparatuak merkaturatzen, kutxa- eta telebista-formatuan hurrenez hurren, baina denborarekin gehiago ere izango dira.

Google TVrekin, ohiko telebista-kateak ikusi ahal izango ditugu, baina baita Interneteko bideo-zerbitzuak (doako nahiz ordainpekoak) edo gordeta ditugun bideo eta bestelako multimedia-elementuak ere. Gainera, bilaketak egiten ditugunean, horien guztien barruan egingo da. Edozein webgunetatik nabigatzea ere posible izango da. Telebista eta Internet, biak aldi berean erabili ahal izango ditugu. Adibidez, pantailaren zati batean partida bat ikusi, eta, bestean, taldearen informazioa; edo, film bat ikusten ari garela, izkinatxo batean twitter bidez partekatu. Telebistaren pantaila nagusia ere gure programa, telebista-kate eta webgune gogokoenekin pertsonalizatu ahal izango dugu.

(Argazkia: Sony)

Posible izango da, baita ere, gure Android telefono mugikorra urrutiko aginte gisa erabiltzea, eta, teklatua behar denean (bilaketetan, "tuiteatzean"...), haren ahots-ezagutzarako softwareaz baliatzea. Horrez gain, funtsean Android sistema eragilea duenez, harentzat garatutako aplikazio-sorta zabala eskuratu eta exekutatu ahal izango dugu (mugikorren hardwarea erabiltzen ez duena, noski), jokoak barne. Eta, denbora laburrean, Google TVrentzat berariaz garatutako aplikazio berri ugari aterako dira, ziur. Finean, ordenagailu pertsonal baten modukoa izango da telebista, eta nahi ditugun aplikazioak instalatu eta pertsonalizatu ahal izango ditugu. Aukeraz betetako mundu berri bat irekitzen du honek.

Android Apple-ren aurretik

Aurreko hilean kontatzen genizuen Apple-k jendarteratu eta ia monopolio bihurtutako produktu-mota jakin batzuei, smartphone eta tablet i, hain zuzen, aurre egiteko sortu zela Android sistema eragilea. Applek atera zuen bere Apple TV duela urte batzuk, baina askoz sinpleagoa da: soilik webgune gutxi batzuetako bideoak ikus edo eros daitezke, ezin da aplikaziorik instalatu, ezin da nabigatu... Oso urrun dago Googlek proposatzen duenetik.

Apple, noski, ez da lo geldituko eta Apple TV pixkanaka Google TVrantz eboluzionatzen joango da. Jada iragarri ditu Google TVren ezaugarrietako batzuk sartuko dituztela Apple TV-ren hurrengo bertsioan. Edonola ere, oraingoan aurreratu egin zaio Google Appleri, eta, beharbada, ITV izenaz bataiatu den munduan (Interactive TeleVision edo telebista elkarreragilea) ez dugu biziko Appleren produktu itxi, hiperkontrolatu eta garestien monopoliorik.

Apple ez den beste arazo bat ere sortu zaio, ordea, Google TVri, abiatu eta berehala. Artikulu hau inprentara bidaltzeko unean jakin genuen Estatu Batuetako hiru telebista-kate publiko nagusiek (ABC, NBC, CBS) blokeatu egin zietela Google TVren erabiltzaileei euren Interneteko edukietarako sarbidea.

Leturia Azkarate, Igor
2
269
2010
11
024
Internet; Softwarea; Hardwarea; Periferikoak
Mundu digitala
48

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia