Telebista-pantaila launerantz
1987/04/01 Barandiaran, Xabier Iturria: Elhuyar aldizkaria
Irudiak sortzeko metodo berri honek, beirazko banda mehe eta paraleloz osatutako sarea du. Banda hauek bideo-seinaleak produzitutako argi gorri, berde eta urdina panel batean gora gidatzen dute. Une egokian, elektrodo batzuek bandekin kontaktuan dauden kristal likidoak ( liquid crystal ; LC) konmutatzen dituzte eta argiak zeharkatzen ditu telebista- edo ordenadore-irudiak eratzeko.
Londreseko Zientzi eta Teknologi Ikastetxe Inperialean, beste gauza batzuen artean pantaila launa garatzen ari dira azken aldi honetan. Pantaila hau beste edozeinen antzik ez duen azalera handiko kristal likidozko "display"a da. Ordenadore eramangarrien kristal likidozko pantailak ez bezala, hau koloretakoa da, irudi distiratsu eta kontrastatua ematen du eta behatzeko angelu zabala eskaintzen du. Display honek, kontzeptu bakar batean uhin-gidari optikoak eta konmutazio elektronikoa elkartzen ditu.
Nahiz eta Londreseko ikastetxe honetan kontzeptu hau garatzen hasiberria izan, telebista- ordenadore- eta beste antzeko pantailentzako hobekuntza garrantzitsua da. Datu-komunikaziotako enpresa britainiar bat proiektua bultzatzen ari da, produktu hau ahalik eta lasterren merkatuan sar dadin.
Pantaila honen oinarria, zera da: beirazko banda mehe baten barrukaldetik bidalitako argi-sorta, bandaren luzeraren edozein tokitan argi-puntu moduan leiho-sistema baten bidez askatzea.
Argi-askapen kontrolatu hau, beirazko orri bat eta beirazko banda mehez osatutako zutabeen artean kristal likidozko materiala tartekatuz lortzen da. Kristal likidozko display-etan molekulek voltaiaren eraginpean argia blokeatu edo igarotzen utzi egiten dute, irudia osatuz. Aipatzen ari garen panel esperimental honetan, banden kontra zanpatutako materialak daude. Berauen errefrakzio-irudi baxuei esker, beirazko bandak argia eroatean eraginik ez sortzeko moduan orientaturik daude normalean material horien molekulak.
Baina bandaren puntu jakin batean errefrakzio-indizea handitzeak, leku horretan banda garden bihurtzen du, argiaren igarotzea oztopatu ordez. Indizea aldatzeko, beirazko paneleko elektrodo-lerroei voltai pultsuak aplikatzen zaizkio. Pultsu hauen eremu elektrikoak, kristal likidozko molekulen orientazioa eta errefrakzio-indizea aldatzen ditu. Kristal likidozko materialak banda optikoak ukitzen dituenez, argia irten diateke irudi-elementu txiki bihurtuz.
Panelaren diseinua, aplikazio bakoitzaren arabera egokitu beharko da. Telebista-pantailan esate baterako, elektrodo-lerro horizontalen kopurua telebista-standardaren lerro-kopuru bera izango litzateke. (Europan 625; E.E.B.B.etan 525).
Telebistaren kasuan ere, beirazko banda bertikal bakoitzaren zabalera 2 mm-koa izango litzateke, hauetako ehundaka horman jartzeko egokia den 1'2 metro zabalerako panela osatuz. Banda bakoitzak hiru LED diodo (L.E.D; light emithing diode) izango lituzke bere beheko muturrean: bata gorria, beste bat berdea eta bestea urdina. Bideo-seinalearen osagai gorri, berde eta urdina bereizten dituen banatzaile batek, beirazko zutabe bakoitzeko diodoak aktibatuko lituzke. Eta elektrodoen voltaiak konmutatzen dituzten zirkuituek, bideo-seinalearekin doitasunez sinkronizatuta, argiari aldegiten utziko liokete telebista-irudiak osatuz.
Hau da teoria. Eta printzipioak prototipoan funtzionatzen du. Baina oraindik lan handia dago egiteko. Batetik kristal likidoaren konmutazioaren denbora-konstanterik onena lortzen eta bestetik suspertze-denborak motzagoak egiten, konmutazioaren ondoren nahi ez den argi-iraupena baztertu ahal izateko. Hauexek dira faktore kritikoak. Arazo hauek gaindituz gero, gainontzekoa erraza izango litzateke eta telebista-pantaila handia eta launa urte gutxi batzuen buruan prest egongo litzateke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia