}

Teknologiak ez gaitu salbatuko

2024/03/06 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

teknologiak-ez-gaitu-salbatuko
Arg. Pernan Goñi

Ingurumen-larrialdiak oinarrian arrazoi ekonomiko eta sozial egiturazkoak dituenez, krisiak eskatzen duen irtenbidea soziala eta politikoa ere bada, ez soilik teknologikoa. Parke eolikoak, kotxe elektrikoak, karbonoa xurgatzeko teknologiak, itsasoko turbina eoliko erraldoiak, gasen igorpena monitorizatzeko sateliteak eta proposatu diren bestelako teknologia batzuk lagungarri izan daitezke. Energia berriztagarrien kantitatea handitzea ere beharrezkoa da. Baina ekoizpen-teknologiak aldatzea ez da inoiz nahikoa izango gure sistema ekonomikoak eragiten duen gastu energetiko erraldoiari aurre egiteko eta sistemak sorrarazten dituen berotegi-efektuko gas kutsatzaileak konpentsatzeko.

Klima-aldaketari aurre egiteko, batzuek planetara iristen den eguzki-erradiazioa kudeatzea proposatzen dute. Alegia, iristen den eguzki-erradiazioaren parte bat espaziora islatzea, planeta ez dadin hainbeste berotu: besteak beste, hodeiak “zuritzea”, argia islatu dezaten; poloetako izotzetan argia islatzen duten silikatozko perlak zabaltzea; edo labore-landareak genetikoki manipulatzea, eguzki-argia gehiago isla dezaten. Mendebaldeko herrialdeetan, teknologiak salbatuko gaituen fantasian murgilduta bizi gara.

Baina zientzialariek fantasia hori zapuztu dute: karbono gutxiko teknologia guztien potentziala aztertu dute, eta teknologia horien hedapen baikorrena ere ez litzateke nahikoa izango 2050erako proiektatutako energia-eskaerari erantzuteko. Arazoa ez da soilik teknologikoa, ezta irtenbidea ere. Larrialdiak aldaketa sozial eta politikoak eskatzen ditu; batez ere, gure sistema ekonomikoa zalantzan jartzea, eta sistema horrek bideratzen dituen kontsumo-portaerak, jarrerak eta garapen ekonomiko etengabearen aldeko ideiak berraztertzea. Zalantzan jartze hutsa ez da nahikoa, ordea; aldaketa sozioekonomiko horiek denak gauzatu behar ditugu.

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia