}

Teknologia berriak, azken nobedadeak

2001/03/26 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Martxoaren 22an hasi eta asteazkenera arte, komunikazioen teknologia ardatz duen CeBIT nazioarteko azoka ospetsua ospatzen ari da Hannoverren. Aurten 60 herrialdetako 8.106 erakusle bildu dira eta 422.000 metro karratu baino gehiago produktu eta nobedadez bete dituzte.

Linux indartsu

Aurtengo azokako izarretako bat Linux sistema eragilea izan da. Linux Microsoft etxearen Windows-i lehia egin diezaiokeen sistema eragilea da eta badirudi indartzen ari dela eta merkatuan geroz eta begirune handiagoz begiratzen hasi zaiola.

IBM, Nokia, SAP, Sharp... informazioaren teknologia eta telekomunikazioen munduko konpainia handiek Linux-en oinarrituriko produktuak aurkeztu dituzte Hannoverren. Caldera enpresak Linux erraz instalatu eta erabiltzeko moduan antolatu du eta, Hannoverren, konpainia handiek kudeatzen dituzten eskala handiko sare eta hardwareentzat aproposa izan daitekeen OpenUNIX sistema aurkeztu du. Ericsson-ek, berriz, Linux-en oinarritutako Internet terminala aurkeztu du.

Superkonputagailuen munduan, NASAn martxan jarritako Beowulf sistemak erakuts dezake Linux-en balioa. Superkonputagailu bat erosi ordez, NASAko ingeniariek PC arruntak elkarrekin lotu zituzten eta Linux-en oinarritutako softwarea erabili zuten lana PCen artean banatzeko. Horrela, superkonputagailuen lan bera egiteko gai den sarea osatu dute, baina askoz merkeago. Dena dela, Microsoft ere ari da sarean lan egiteko modu horretan oinarritutako teknologia prestatzen eta ez du segituan galduko bere nagusitasuna.

Telefono mugikorrak

Telefono mugikorren industria ere, nola ez, Hannoverren bildu da eta, badirudi, hirugarren belaunaldiko telefonoetan ipini duela orain arteko mozkinei eusteko itxaropena. Telefono mugikorrak eta Internet irmoki lotzea da hurrengo pausoa eta horretan ari dira guztiak. Komunikazioa abiadura handiagoan egitea posible egingo duen GPRS sistemarako egokitutako produktuak aurkeztu dira Hannoverren, baita haririk gabeko Bluetooth komunikazio-sisteman oinarriturikoak ere. Telefono mugikorraren bidez eta Internet-en sartu gabe mezu elektroniko berriren bat duzun ala ez jakiteko aukeraz gain, Internetetik irudiak jaitsi edo audioak entzun ahal izango dira laster. Zerbitzu integral eta azkarra eskainiko duten telefono mugikorrak izango omen dira hurrengo urteetako izarrak.

Bestalde, Boeing enpresak hegazkinetan Internet erabiltzeko modua aurkeztu du. Euren intranetaz gehi ongi kokatutako pare bat satelitez baliatuz, hegazkinaren sare lokaletik Interneterako sarrera eskaintzeko modua prestatu dute. Erabiltzaileentzat, nahikoa izango da ordenagailu eramangarria aulkiak izango duen zulo batera konektatzea. Sistema 2002an egongo da eskuragarri AEBn, 2003an Europan eta 2005ean mundu osoan.

Informazio-gehiago: http://www.cebit.de

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia