}

Tekniker Fundazioak 20 urte bete ditu

2001/11/09 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


Tekniker Fundazioak 1981. urteko ekainaren 10ean egin zituen lehen urratsak, artean Ikerketa Elkarte zela. Eibarko Armagintza Eskolako laborategietan 10 urtez lanean jardun ondoren, ibilbide independenteari ekin zion. Azaroaren 22an urteurrenaren ospakizun-ekitaldia egingo dute eta, bide batez, mikroteknologiak eta nanoteknologiak lantzeko instalazioak aurkeztuko dituzte.

TEKNIKER zentro teknologikoa Eibarren dago eta bere instalazioek 8.000 m 2 -tik gorako azalera dute. Bere azken helburua ikerketa, garapeneta berrikuntza teknologikoaren bitartez enpresen lehiakortasuna bultzatzea da. 20 urte hauetan makina-erremintarekin hertsiki loturiko ikerketa-zentroa izan da, manufaktura-fabrikazioan erabiltzen diren teknologietan espezializatua baitago. Manufaktura-produkzioaren esparru zabaleko industria-sektore guztiekin lan egiten du eta, horien artean, bereziki sektore metalmekanikoarekin, hala nola, makina-erreminta, automozioa, transformazio metalikoa, elektronika edo sektore aeroespazialarekin.

Etorkizunera begira, mikrofabrikazioaren, doitasun-ingeniaritzaren eta nanoteknologien esparruak ere landu nahi dituzte. Urteurren-ekitaldian, aipatutako ikerketak egiteko instalazioak aurkezteaz gain, Pedro Miguel Etxenike eta James Gimzewski zientzialariek nanoteknologiei buruzko hitzaldi bana emango dute. James Gimzewski Los Angeles-en dagoen Kaliforniako Unibertsitateko ikertzailea da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia