}

Tasmaniako deabruaren xarma

2002/08/12 Elhuyar Zientzia

Tasmaniako uhartean bizi den deabrua munduko martsupialio haragijale handiena da. Lehen Australian ere bazegoen, baina, ganadua eta oiloak jaten zituela uste zutenez, nekazariek ez zioten estimu handirik; beraz, denak akabatu zituzten. Gerora jakin da hildako animaliak, muskerrak, karraskariak eta beste animalia txiki batzuk jaten dituela gehienbat.

Garai batean hainbat espezie zeuden arren, gaur egun irauten duen espezie bakarra txakur ertain baten tamainakoa da: 4 eta 12 kilo bitartean pisatzen du, 52-80 cm-ko luzera du eta 23-30 cm-ko buztana. Larru beltza edo iluna du eta orban txuri bat eztarrian.

Izena beldurgarria badu ere, nahiko lotsatia da. Gautarra da eta egun osoa ematen du gordelekuan sartuta. Hala ere, kontuan izan behar da oso baraila sendoak dituela, animalia baten hezurdura guztiz txikitzeko modukoak, eta, diotenez, haren oihuak ikara sortzen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia