}

Talidomida, 50 urte geroago

2010/03/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Talidomidak hondamendia eta beldurra eragin zituenetik 50 urte igaro ondoren, ikertzaile japoniar batzuek lortu dute argitzea zer mekanismoren bidez sortzen diren ondorio kaltegarriak fetuetan.

Berez, talidomidak ondorio onuragarriak ere baditu; horregatik erabili zuten 1950eko hamarkadaren amaieran eta 1960koaren hasieran. Wilhem Kunz doktoreak sintetizatu zuen 1953an, eta Alemaniako Chemie Grunenthal farmazia-konpainiak atera zuen merkatura. Hori baino lehen, konpainiak bi urtez probatu zuen ernari zeuden animalietan (tximinoak, arratoiak, untxiak eta zakurrak). Gero, Alemaniako gobernuari aurkeztu zizkion emaitzak: txostenen arabera, ez zuen inolako albo-ondoriorik eragiten, ez ametan ez kumeetan. Horrenbestez, pertsonetan erabiltzeko baimena eman zuen gobernuak, eta 1957an merkaturatu zuen Chemie Grunenthalek, lo egiteko pilula gisa.

Duela 50 urte inguru, talidomidaren eraginez malformazioak zituzten 20.000 haur jaio ziren. Orain arte ez dute jakin nola eragiten dituen talidomidak ondorio horiek
Argazkia: (Estatu Batuetako Osasun Institutua)

1956ko eguberri egunean jaio zen talidomidaren ondorioz malformazioak zituen lehen haurra. Chemie Grunenthaleko langile baten alaba zen; langile haren emazteak lantokian doan banatu zizkieten pilulak hartu zituen, haurdun zegoela.

Horren ondotik, talidomida saltzen zuten herrialdeetan kasu gehiago azaltzen hasi ziren: aurpegiko muskuluak erabat desitxuratuta zituzten batzuek; beste batzuek, beso edo hanka motzak; edo ez zuten belarririk; edo itsuak ziren; bihotzean, digestio-aparatuan edo giltzurrunetan asaldurak zituzten beste zenbaitek... Botika haurdunen eskura egon zen 7 urteetan, guztira, halako ondorioak zituzten 20.000 haur jaio zirela kalkulatzen dute adituek. Haietatik % 40 lehen urtea bete aurretik hil ziren.

Talidomida toxikoa ez zela erakusten zuten txostenak zalantzan jarrita, Hanburgoko ospitaleko pediatra batek 14 kasu aurkeztu zituen 1961eko azaroan, bilera batean. Pediatrak azaldu zuenez, haur horien amek haurdunaldiaren lehen hiruhilekoan talidomida hartu zuten, eta botikaren eraginez zituzten kalteak haurrek. Chemie Grunenthalek ukatu egin zuen salaketa.

Handik gutxira , baina, talidomida erruduna zela frogatzen zuen artikulu bat argitaratu zuen beste mediku batek The Lancet medikuntza-aldizkari ospetsuan. Eta orduan bai, botika merkatutik kendu zuen Chemie Grunenthalek. 1961eko azaroa zen. Britainia Handian abenduan erretiratu zuten; Kanadan, 1962ko martxoan; eta Espainian, 1963ko urtarrilean.

Biktimak eta erruduna

Chemie Grunenthalen aurkako epaiketak 1974ra arte iraun zuen. Auzi penalean absolbitu egin zuten epaileek konpainia, eta kaltetuen aurrean zibilki bakarrik erantzun behar izan zuen. Kaudimenik ez zuela adierazi zuen, eta 100 milioi marko bakarrik ordaindu zituen; Alemaniako gobernuak beste 150 miloi jarri zituen, eta horrekin 2.866 biktimari eman zizkieten kalte-ordainak. Britainia Handian, Suedian, Kanadan eta Japonian gobernuek eman zituzten kalte-ordainak, eta beste leku batzuetan, Espainian adibidez, biktimek ez dute inolako kalte-ordainik jaso.

Bitartean, biktimak eragiten jarraitzen du talidomidak. Izan ere, legenarra, mieloma anizkoitza eta beste minbizi batzuk tratatzeko oso eraginkorra da, eta, Estatu Batuetan erabiltzen duten pazienteek haurdun ez geratzeko neurriak hartzen badituzte ere, Afrikan eta Hego Amerikan ez dute horrelako neurririk hartzen.

Orain, Tokiko Teknologia Institutuan frogatu dute talidomidak zerebloi izeneko proteinaren ekoizpena oztopatzen duela, eta, horren ondorioz, gorputz-adarrak eta organoak ez direla behar bezala garatzen. Hurrengo pausoa eragin hori gabeko talidomidaren ordezkoa sortzea da. Ea berandu baino lehen lortzen duten.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia