Tabelt PCa ordenagailu eramangarrien ordezkari
2003/01/01 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lan-munduan mugikortasunaren ikur den ordenagailu eramangarriak asko eboluzionatu du. Azken urteetan, gero eta txikiagoa eta arinagoa bihurtzen joan da, eta, orain, kableak baztertu eta pantaila digital batez hornitu dute. Azken berrikuntza hori da produktu berriaren erakargarritasun nagusia, boligrafo berezi bati esker erabiltzaileak kaier batean bezala hartzen baititu apunteak.
Tablet PC jarri diote izena produktu berriari eta, oraingoz, Toshiba, ViewSonic, Fujitsu Siemens eta Ace enpresek ekoizten dute. Hala ere, etorkizun oparoa aurreikusi diote eta, datozen urteetan, hamalau enpresak eskainiko dituzte era horretako produktuak. Prezioak 2.000 eta 3.000 euro bitartekoak izango omen dira.
Sistema eragile propioa
Ez da horrelako produktu bat merkaturatzen den lehen aldia, baina aurreko saiakeretan haririk gabeko komunikazioen protokoloen bateragarritasun-ezak eta idazkera ezagutzeko estandar faltak merkatua ikaragarri mugatu izan dute. Oraingoan, Microsoft-ek Tablet PCentzat garatu duen Windows XP sistema eragileari esker, ez da horrelakorik espero. Gainera, ekoizle guztiek ekoizpen-baldintzen plegu zehatz bati jarraitu beharko diote bateragarritasun-arazo guztiak ekiditeko. Adobe, Corel eta SAP software-editoreek ere beren produktuak egokitu egingo dituztela jakinarazi dute.
Tableta guztiek Pentium III edo pareko prozesagailu batez, kristal likidozko eta 133 puntu hazbeteko pantaila elektromagnetikoaz, haririk gabeko komunikaziorako WiFi 802.11b interfazeaz eta USB eta FireWire atakez hornituta egon beharko dute. Eta, gutxienez, lau orduko autonomia eduki beharko dute.
Tablet PCek gaitasun handiko disko gogorra (gutxienez, 20 gigabyte) eta nahiko memoria bizi handia dute (256 Megabyte Fujitsu-Siemens-enak eta 1 Gigabiyte Acer-enak). Windows XP sistema eragileari esker, orain arteko ordenagailu eramangarriak erabat gaindituko dituztela diote adituek.
Diseinuari dagokionez, ekoizle guztiek antzeko proposamenak egin dituzte. Fujitsu-Siemens-ek, esaterako, lan egiteko ordenagailu finko bihur daitekeen Tablet PCa diseinatu du; posizio bertikalean jar daiteke eta teklatu bat gehi dakioke.
Toshibak diseinatu duen Tablet PCaren pantaila ardatz baten baitan biratzen da, aukeran, kaier-itxura edo ohiko ordenagailuarena hartzeko gisan.
Boligrafo erakargarria
Erakargarritasunaren gakoa, dena dela, boligrafo elektronikoa da. Horri esker hartuko diren apunteak bere horretan gorde ahal izango dira edo beste aplikazio batzuetan integratu. Word formatura aldatzea ere posible izango da, nahiz oraindik letren ezagutza ez den hobezina.
Baina berrikuntza hori nahikoa izango ote da produktu berriaren merkatua zabaltzeko? Adituek diote ordenagailu eramangarrientzat garai ona dela, baina lehen erosleak enpresaburu, kargudun, komertzial eta oro har mugikortasun handia duten ofizioetan dihardutenak izango direla aurreikusi da. Gizartean gehiago hedatu arte urteak pasatuko dira, ordenagailu klasikoek baino dezente prezio altuagoa dutelako, batez ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia