Sukar aftosoa
2001/03/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Otsailean Britainia Handiko etxalde batetan kasu bakar baten moduan azaldu zena, gero eta arazo larriagoa bihurtzen ari da herrialde hartan. Ondorioz, gainerako herrialdeek ere neurriak hartu behar izan dituzte, Europa osoan sukar aftosoa izurrite bilaka ez dadin.
Zer da sukar aftosoa?
Sukar aftosoa Aphthovirus generoko birus batek sortzen du eta apatxa bitan zatituta duten abereei eragiten die, hala nola, abelgorri, ardi, ahuntz, txerri, eta hausnarkari basatiei.
Gaixotasunaren sintoma esanguratsuenak izena ematen diotenak dira, hau da, sukarra edo gorputz-tenperaturaren igoera eta aftak edo besikulak. Besikula horiek aho- eta sudur-mukosetan azaltzen dira, baita apatxen artean ere. Horregatik, toki batzuetan aheri, ahoeri edo hankamin deitzen zaio, beste izen batzuen artean. Beste toki batzuetan nafarreria ere deitzen zaio, eta horrela hots egiten zaio baita gizakien beste gaixotasun bati. Biak antzeko sintomak azaltzen badituzte ere, ez da gaitz bera. Izenak izen, bi gaixotasunak birus ezberdinek sortuak dira eta sukar aftosoak ez die gizakiei eragiten.
Abereetan, aldiz, gaixotasun larria da. Helduetan hilkortasun-tasa txikia du (% 5), baina gazteetan % 50-ekoa baino handiagoa da eta, normalean, bihotzekoak jota hiltzen dira. Gainera, bizirik gelditzen direnen artean ere betirako arazoak sortzen ditu. Esate baterako, abelgorrietan esne-ekoizpena murrizten da, pisua galtzen dute eta abortuak izaten dituzte. Esnetarako ardi eta ahuntzek esnea emateari uzten diote.
Kontrol-neurriak
Oso erraz kutsatzen den gaitza denez, agertzen denean neurri zorrotzak hartu behar dira hedapena geldiarazteko. Izan ere, birusak ia transmisio-bide guztiak erabiltzen ditu: zuzeneko edo zeharkako kontaktua, bektore bizidunak (gaixotasuna pairatzen ez duten animaliak edo pertsonak), bektore ez-bizidunak (ibilgailuak), baita airea ere (beste ezeren laguntzarik gabe, airez 60 km heda daiteke lurrazalean eta 300 km egin ditzake itsasgainean).
Horretaz agin, birusa duten abereak ere gaixotasunaren eramaile izan daitezke, bai birusa 2-14 egunekoa den inkubazio-aldian dagoelako, bai gaixotasuna gainditu eta birusa gorputz barnean duelako.
Sukar aftosoa endemikoa den herrialdeetan gaitza desagertarazteko txertoa erabiltzen da eta, adibidez, Hego Amerikako herrialde askotan azken urteetan txertatze-kanpainak egiten ari dira. Txertoa 60ko hamarkadan garatu zen lehenengo aldiz eta izpi ultramorez edo gai kimikoz hildako birusarekin egindakoa da.
Hala ere, txertatzeak arazo bat dakar. Izan ere, birusa txertoan dagoenez, tarteka "berpiztu" eta berriro agertu egiten da. Horregatik ez da erabiltzen gaixotasuna desagertutzat jotzen diren herrialdetan; esaterako, Europan badira hamar urte baino gehiago txertaketarik egiten ez dela. Orain, birusaren peptidoekin egindako txerto berriak, birus osoa dutenak bezain eraginkorrak liratekeenak, ikertzen ari dira; horrela berpiztea saihestuko litzateke.
Europari dagokionez, gaur egungo kasuak izurrite bihur ez daitezen, mugetan desinfekzio-neurri zorrotzak hartu dira eta kaltetutako eremuetan abereak hil eta erretzen edo lurperatzen ari dira. Globalizazioaren garai honetan, hain erraz zabaltzen den birusari mugak jartzea zaila den arren, Europa osoan gaitza kontrolpean izaten saiatzen ari dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia