}

Stephen Hawking fisikariaren liburuak irabazi du Aventis saria

2002/06/26 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Zientziaren dibulgazioko liburuen esparruan sari ospetsuena Londresko Zientzia Museoak ematen du: Aventis saria. Aurtengo edizioaren irabazlea Stephen Hawking fisikaria izan da, The Universe in a Nutshell liburuarekin (Unibertsoa intxaur-azal batean). Saria 10.000 libera esterlinakoa da, eta astearte-gauean eman zitzaion museoan antolatutako ekitaldi batean. Ez da Hawkingen liburu batek arrakasta lortzen duen lehen aldia.

1988an, fisikari horrek A Brief History of Time (Denboraren historia) argitaratu zuen, eta lau urte iraun zuen liburuak salmenta handieneko zerrendetan. Dena dela, bederatzi milioi kopia inprimatu baziren ere, irakurle gutxik irakurri zuten hasieratik bukaera arte; izan ere, oso kontzeptu konplexuak azaltzen zituen Hawkingek idatzi hartan. Aventis saria irabazi duen liburua haren jarraipena dela esan da komunikabideetan.

Azken liburu horretan kosmologiaren azken kontzeptuak ere azaltzen ditu. Horretarako, teknika grafikoez baliatzen da ahal den neurrian azalpena laguntzeko eta argitzeko.

Euskal Herriko liburu-dendetan ere salgai dago Stephen Hawkingen liburu saritua, Aventis saria irabazi berri duena, gaztelaniara itzulita.

Bestalde, umeentzako dibulgazioak ere badu Aventis sari berezi bat. Aurten Richard Walker idazleak eskuratu du sari hori The Dorling Kindersley Guide to the Human Body liburuarekin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia