Soka txirikordatua, Neandertalen teknologia

2020/04/29 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Neandertalen berri XIX. mendean izan genuen lehen aldiz. 1856an aurkitu zituzten lehen aztarnak. Geroztik, gurekin bizi izan dira neandertalak erregistro zientifikoetan, eta mende eta erdiz ikertu ditugu, gutxi gorabehera. Aztarna asko topatu ditugu Europan eta Asia mendebaldean, eta ez giza aztarnak bakarrik; aztarna arkeologikoak ere topatu ditugu: tresnak eta materialak. Eta, hain zuzen ere, aurten aztarna harrigarri bat aurkitu dute: lokarri edo soka puska bat. Sei milimetro luze duen puska bat da. Sei milimetroko lokarria. Sei milimetroko soka hobeto esanda, hiru harizpi txirikordatuz egina dagoelako.

Neandertalek egindako sei milimetroko soka txirikordatua Arg. Hardy et al, Scientific Reports, 2020

Hori ez da soka bat, pentsatuko duzue, eta ados nago. Ez da soka bat, soka baten aztarna bat da, ordea. Soka baten aztarna ñimiño bat.  Baina luzera txikiko aztarna horrek informazio handia gordetzen du. Teknologiaren historia da, edo hobeto esanda, teknologiaren historiaurrea. Jakina, teknologia neandertalak baino askoz zaharragoa da. Homo habilis izena, adibidez, esanguratsua da, egiten zituen tresnengatik jarri ziotelako, eta neandertala baino askoz lehenagokoa da. 2010ean, Nature aldizkariak are teknologia zaharrago bati buruzko artikulua argitaratu zuen: Okela mozteko harri zorroztuak aipatzen zituen, 3 milioi urte baino gehiago dutenak, eta, litekeena da Australopithecus afarensis espezieak erabili izana.

Horiekin konparatuta, neandertalen soka hau modernoa da, duela 50.000 urtekoa besterik ez. Baina sekulako jauzi teknologikoa dago batetik bestera. Eta harrigarria egiten zaigu.

Soka txirikordatu bat egiteak materialen ezagutza eta abstrakzio-maila handia eskatzen ditu. Materialari dagokionez, soka zuhaitz baten azalarekin eginda dago. Zehazki, konifera baten azalaren barruko geruza baten zuntzekin. Neandertalak oso trebeak ziren; bazekiten zer zuhaitz aukeratu, azala nola kendu eta, barruko geruza baliatuta, zuntzak nola erauzi. Eta abstrakzio-mailari dagokionez, orain badakigu bazekitela hiru zuntz txirikordatzea eraginkorra zela soka bat egiteko. Gutxieneko abstrakzio matematiko bat eskatzen du horrek. Ingeniariak ziren.

Azken hamarkada hauetan, aurkikuntza handiak egin ditugu neandertalei buruz. Urte gutxitan asko ikasi dugu. Ikasgai horietako bat izan da, hain zuzen, haien ahalmen intelektualari buruzkoa. Asko hitz egin da haien artelanei buruz, eta horrek dakarren pentsamendu sinbolikoari buruz. Orain, gainera, abstrakzio matematikoa ere topatu dugu haien teknologian. 6 milimetroko soka bat ez da luzea. Baina gordetzen duen informazioa oso aipagarria da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia