Hori ez da soka bat, pentsatuko duzue, eta ados nago. Ez da soka bat, soka baten aztarna bat da, ordea. Soka baten aztarna ñimiño bat. Baina luzera txikiko aztarna horrek informazio handia gordetzen du. Teknologiaren historia da, edo hobeto esanda, teknologiaren historiaurrea. Jakina, teknologia neandertalak baino askoz zaharragoa da. Homo habilis izena, adibidez, esanguratsua da, egiten zituen tresnengatik jarri ziotelako, eta neandertala baino askoz lehenagokoa da. 2010ean, Nature aldizkariak are teknologia zaharrago bati buruzko artikulua argitaratu zuen: Okela mozteko harri zorroztuak aipatzen zituen, 3 milioi urte baino gehiago dutenak, eta, litekeena da Australopithecus afarensis espezieak erabili izana.
Horiekin konparatuta, neandertalen soka hau modernoa da, duela 50.000 urtekoa besterik ez. Baina sekulako jauzi teknologikoa dago batetik bestera. Eta harrigarria egiten zaigu.
Soka txirikordatu bat egiteak materialen ezagutza eta abstrakzio-maila handia eskatzen ditu. Materialari dagokionez, soka zuhaitz baten azalarekin eginda dago. Zehazki, konifera baten azalaren barruko geruza baten zuntzekin. Neandertalak oso trebeak ziren; bazekiten zer zuhaitz aukeratu, azala nola kendu eta, barruko geruza baliatuta, zuntzak nola erauzi. Eta abstrakzio-mailari dagokionez, orain badakigu bazekitela hiru zuntz txirikordatzea eraginkorra zela soka bat egiteko. Gutxieneko abstrakzio matematiko bat eskatzen du horrek. Ingeniariak ziren.
Azken hamarkada hauetan, aurkikuntza handiak egin ditugu neandertalei buruz. Urte gutxitan asko ikasi dugu. Ikasgai horietako bat izan da, hain zuzen, haien ahalmen intelektualari buruzkoa. Asko hitz egin da haien artelanei buruz, eta horrek dakarren pentsamendu sinbolikoari buruz. Orain, gainera, abstrakzio matematikoa ere topatu dugu haien teknologian. 6 milimetroko soka bat ez da luzea. Baina gordetzen duen informazioa oso aipagarria da.
Roa Zubia, Guillermo
Elhuyar Zientzia