}

‘Snacking'-a, arrisku-kirola?

2001/06/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

‘Snacking’-ak ez du rafting-arekin, edo trekking-arekin zerikusi handirik, baina gero eta jende gehiagok egiten duen ekintza da; hain zuzen ere, jatorduetatik kanpo mokaduak hartzeari deitzen zaio horrela. Eta modan dauden beste kirol berri batzuen antzera, horrek ere baditu arriskuak.

Kulturak, tradizioak eta erlijioak eragin handia dute jateko ohituran eta munduko toki batetik bestera alde nabariak daude. Herrialde eta eremu berean ere badira aldeak, batez ere erosteko ahalmena dela medio. Horretaz gain, azken urteotan herrialde garatuetan jateko ohituren aldaketa gertatu da. Goserik gabe jatea ohitura bihurtzen ari da, eta ez da harritzekoa eguneko jatorduetako bat mota horretako jakiekin ordezkatzea, batez ere gosaria, hamaiketakoa edo askaria.

Asko dira aldaketa bultzatu duten eragileak, esate baterako, jatordutako familia-giroa zeharo aldatu izana edo, lehen ez bezala, jatea ez egotea beti goseari lotuta. Horri publizitatearen indarra eta beste herrialde batzuen ereduari jarraitu nahi izatea gehitzen zaizkio.Elikagai-industriak eskaera horri erantzuteko askotariko produktuak sortu ditu, edozein ordutan eta tokitan jateko egokiak, eta hain eskuragarriak izateak ere erakargarri egiten ditu. Beraz, litxarrerien aukera ugaria da eta adin guztietako kontsumitzaileei zuzendutako produktuak daude supermerkatutako apaletan.

Tartean hartzen diren mokadu horiek dieta osatzen lagunduko balute, ez legoke inolako arazorik. Askotan, ordea, egunero hartu beharreko elikagaien eta kalorien arteko erlazioa desorekatzen dute. Izan ere, eskaintzen diren mota horietako produktu askok kaloria ugari dituzten arren, elikagai garrantzitsuenen gabezia dute, hau da, ez dute ia mineralik edo bitaminarik, eta osasunari mesede egiten dieten gantz-azidoen ordez zirkulazio-arazoak sortzen dituzten gantz aseak izaten dituzte.

Bestalde, hainbat kasutan jatordutatik kanpo jatea osasungarria da. Esate baterako, haurrei ez zaie denbora-tarte luzean baraurik egotea komeni. Nerabezaroan ere, elikagai batzuen beharrak handitu egiten dira, adibidez kaltzioaren beharra, eta mota horretako janari batzuek behar adina kaltzio hartzen laguntzen diete: jogurtek, izozkiek, irabiakiek edo gazta duten mokaduek. Antzekoa gertatzen da kirolariekin edo lan fisiko gogorrak egiten dituztenekin ere. Azkenik, adinekoek jatordu arinagoak egiteko joera izaten dute, digestio-aparatuan arazoak izaten dituztelako. Horregatik, behar adina mineral eta bitamina hartzen dutela ziurtatzeko, tartean elikagai horietan aberatsak diren mokaduak hartzea gomendatzen da.

Hortaz, jatorduetatik kanpoko mokadu horien osagaiez jabetuz gero eta eguneroko dietaren osagarri modura hartzen badira, ‘snacking’-a kirol osasuntsua da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia